Euskal musikazaleen topalekua da Badok, Berria taldeak sortu zuen ataria, eta Kantok izeneko jolasa sortu dute orain, euskal musikaren ezagutza eta erabilera sustatzeko asmoz. Egunero kantu bat asmatzea da jolasaren muina. Kantuaren pasarte labur batzuk entzunda, erabiltzaileak kantua zein den asmatu behar du, eta, horretarako, bilatzaile baten laguntza izango du.
Erabiltzaileak sei saialdi ditu kantua asmatzeko. Saialdi bakoitzean bost segundoko pasarte bat entzun ahal izango du —guztira 30 segundo—. Sei aukera daude kantuaren izenburua asmatzeko. Egunero kantu ezberdin bat asmatu behar da, Badok-en datu basean entzungai dauden 32.000 abestietako bat. Batzuk ezagunak izango dira, baina beste batzuk ez. Entzulearen belarrien zorroztasuna neurtzeko modu bat izateaz gain, kantu berriak ezagutzeko aukera bat izango da. Asmatu edo ez, jolasaren amaieran kantua zein den jakingo du erabiltzaileak, eta osorik entzun ahalko du.
- Hona hemen Kantok jolasa