2.000 lagunetik gora batu ditu Nagusilan elkartearen kontzertu solidarioak

Barren.eus 2023ko api. 4a, 14:05

Pandemian zehar langile soziosanitarioek eta boluntarioek egindako lana omentzeko eta goraipatzeko kontzertua antolatu du Nagusilan elkarteak, eta Kursaal aretoa jendez bete zuen emanaldia "erabateko arrakasta" izan dela azaldu du elkarteko presidente Joserra Ezenarro elgoibartarrak.

Adineko boluntarioen elkarte Nagusilanek egindako deialdiak aparteko erantzuna izan du herritarren aldetik. Joan den eguenean, martxoaren 30ean eman zuten kontzertu solidarioa Donostiako Kursaal Jauregiko auditorium handian, eta sarrera guztiak agortu ziren. Eros Quesadak gidatu zuen emanaldia, baina hainbat lagunen laguntza eduki zuen, besteak beste, Kantakidetzako Igor Arroyo, Astigarragako Aiztondo, Hernaniko Kantuz eta Orioko Salatxo Abesbatzetako Zuzendariena. Maria Martin, Lucia Gomez, Josu Cabrero eta Juan Laboreria bakarlariek, Musikeneko 70 ikaslek osatutako orkestra gazteak eta musikari boluntarioek ondutako kontzertuak bildutako publikoa liluratuta laga zutela azaldu du Joserra Ezenarrok. Beethovenen 9. sinfonia obra aukeratu zuten kontzerturako, "guretzat duen esanahaigatik". Honela azaldu du: "Sinfoniako laugarren mugimendua, Alaitasunaren Ereserkia bezala ezaguna, askatasunaren, batasunaren eta anaitasunaren sinbolo bihurtu da, gure elkartearentzat funtsezkoa dena". Ezenarrok, Nagusilanen izenean, eskerrak eman dizkie "ekitaldi garrantzitsu honetan" parte hartu duten guztiei, eta jaso duten babesagatik. Kontzertu solidarioa antolatzea elkarteaentzako erronka handia izan dela aitortu du, "eta ilusio eta dedikazio handiz egin diogu aurre".

2023 04 04 nagusilan kontzertu solidarioa kursaal

Ekitaldian erakundeetako eta enpresa laguntzaileetako ordezkari ugari izan ziren (goiko argazkian): Nekane Arzallus, Donostiako alkateordea, Maite Peña, Gizarte Politiketako diputatua; Txaro Rodrigo, Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretarako zuzendari nagusia; Miren Albistur, Kulturako zuzendari nagusia; Lide Amilibia, Gizarte Politiketako sailburuordea; José Antonio de la Rica, Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioko zuzendaria; Donostiako Udaleko zinegotziak Mariaje Idoeta eta Marta Huarte. Anuska Esnal, Orioko alkatea, Xabier Letxundi, Hernaniko alkatea, bi udalerrietako zinegotziekin batera. Baita ere, Gobernuaren Ordezkariordetzako, Musikeneko, Kutxa Fundazioko, Real Sociedad Fundazioko, Euskadiko Orkestrako eta Irizarreko kideak ere bertaratu ziren, baita Astigarragako 30 pertsona ere, udalerri horretan egindako sarreren zozketaren ondorioz. Obraren amaieran, txaloek bost minutu baino gehiago iraun zuten. Entzuleei esker ona adierazteko, orkestrak eta abesbatzak, bakarlariekin batera, Iñaki Carcavillak, Musikeneko konposizio ikasleak, moldatu duen “Agur Jaunak eta Andreak" abestu zuten, entzule guztiak zutik jarriz.

2023 04 04 nagusilan kontzertu solidarioa kursaal 4

2023 04 04 nagusilan kontzertu solidarioa kursaal 2