Fruta-dendetan organikoaren bilketa hobetzeko kanpaina abian da

Barren.eus 2023ko api. 5a, 09:52

Debabarrena eskualdeko Mankomunitateak 75 fruta-denda bisitatu ditu, haien birziklapen ohiturak ezagutu eta hobetzeko helburuarekin. Jasotako datuen arabera, Debabarrenako fruta dendek gaikako bilketa modu egokian egin ahal izateko edukiontzi berrien beharra dutela ikusi dute.

Mankomunitatetik jakitera eman dutenez, euren xedeetako bat da Debabarrenako kolektibo ezberdinetan gaikako bilketa sustatzea. Horretarako, argitaratu berri du bideo didaktiko bat euskaraz, gazteleraz eta arabieraz, eta ekintza desberdinak egin ditu kolektibo horiengana iristeko eta haien beharrak ezagutzeko: elkarte gastronomikoetara bisitak, tabernetara bisitak, e.a.

Ildo berean, azken aste honetan eskualdeko fruta dendak bisitatu dituzte, 75 orotara, hondakinak gaur egun nola banatzen dituzten ezagutzeko eta birziklapen ohiturak hobetzeko izan ditzaketen beharrak identifikatzeko. Helburu horrekin, ingurumen hezitzaileek galdeketa bat egin diete fruta dendetako arduradunei eta eskuorri bat banatu diete, non azaltzen den edukiontzi marroira zer bota daitekeen eta zer ez.

Debabarreneko 75 fruta denda bisitatu ondoren, honako beharrak atzeman ditu Mankomunitateak. Batetik, fruta dendetatik 10ek eskatu dituzte hondakin organikoak gaika biltzeko edukiontzi berriak, gehienek 50 litroko edukierakoak, hiruk edukiontzi hori berriak eskatu dituzte eta batek papera eta kartoia birziklatzeko edukiontzi berria.
Garbiketa hobetu eta gehiago jarri
Horrez aparte, hondakin bilketa sistemaren inguruan galdetuta, %53ak adierazi dute egoki ikusten dutela, %10ak Soraluzen, Ermuan eta Deban edukiontzien garbiketa hobetu beharko litzatekeela adierazi du, %9ak uste du Eibarren, Ermuan eta Mutrikun bilketen maiztasuna handitu behar litzatekeela eta %8ak iradoki du Eibarren, Soraluzen, Mendaron, Deban eta Mutrikun edukiontzi gehiago jartzeko.

Orain, Mankomunitateak jasotako iradokizunak baloratuko ditu eta neurriak hartzeko aukerak aztertuko dituztela azaldu dute.