Mendi bizikletako Green Series txapelketaren seigarren aldia jokatzen ari dira aurten. Zortzi probek osatzen dute aurtengo egutegia, eta Bilbon jokatu zuten lehenengoa martxo hasieran. Bigarrena joan den domekan jokatu zuten Abadiñon. Antolatzaileek 4,2 kilometro luze den zirkuitua prestatu zuten, zeinak irteera eta helmuga San Vicente galdategiaren aurrean zituen. Hasi eta berehala, parte hartzaileek Mendilibarreko harbideko aldapa gogorra igo behar zuten, eta ondoren, baso bideetatik barrena ibili ziren. Aurreko bi egunetan egin zuen euriagatik erabat lokaztuta eta putzuz beteta zegoen ibilbidea (ikus adibide bat, beheko bideoan).
Lehiari dagokionez, David Puente eta Paula Suarez izan ziren azkarrenak. Kategoria desberdinetako sailkapenei dagokionez, Iñigo Lariz (Gobike) elgoibartarrak bigarren postua eskuratu zuen Master 40 mailan,. Jonathan Larrañaga irabazlearengandik 13 segundora. Igor Garcia sailkatu zen hirugarren postuan, irabazlearengandik minutu eta 20 segundora. Iñigo Larizek 11. postua eskuratu zuen Bilbon jokatutako lehen jardunaldian, eta sailkapen nagusiko seigarren postuan dago Master 40 kategiorian, 255 punturekin.
• Azibar Iraolagoitia, lidertzan
Azibar Iraolagoitiak (Mendaroko Txirrindulari Elkartea) ere bigarren postua eskuratu zuen, Master 50 mailan. Riberto Garciarengandik 14 segundora helmugaratu zen txirrindulari mendaroarra. Eduardo Del Colladok eskuratu zuen hirugarren postua, irabazlearengandik 2:18ra helmugaratuta. Iraolagoitia erregulartasun handia erakusten ari da Green Series txapelketan, Bilboko proban ere txapeldunorde izan baitzen. Bi emaitza horiei esker sailkapen nagusiko liderra da Master 50-60 kategorian, 340 punturekin. Bilboko proban gailendu zen Eduardo del Collado dago bigarren, 340 punturekin baita ere.