Vicente Guinea elgoibartarraren 'Animarbolak' erakusketa Urkiolako natur gunean dago ikusgai

Barren.eus 2023ko api. 12a, 09:54

40 bat argazki bildu ditu erakusketarako, denak ere animalia itxurako zuhaitzei egindakoak. Ekainaren 20ra arte egongo da bisitatzeko aukera.

 Zuhaitzen itxurarekin eta argiarekin jolasten du argazkiak ateratzerakoan Guineak, eta bi elementu horiek batzean argazki ikusgarriak sortzen ditu, zuhaitzaren enborrak izan dezakeen animaliaren itxura azpimarratuta. Ekainera arte Urkiolako natur parkean izango duen erakusketa hau Azpeitian eta Salburuako Ataria zentroan ere izan du ikusgai aurrez, baina Urkiolako honetan aurrekoetan erakutsi gabeko argazkiak ere badaude egon. Guineak behin baino gehiagotan esana  du basoetan galtzea duela gustuko eta ahal duen guztietan egiten duela ihes basora, bereziki han eta hemengo pagadietara. "Pagadietan ibiltzea gustatzen zait. Oro har, baso hostotsuak izaten dira eta argia txorroka bezala sartzen da. Argazki ona ateratzeko gakoa, argi izpi horrek aurpegi edo figura itxura duen enborrean jotzen duen unea topatzea da", adierazi zuen orain hurrengo Azpeitian zabaldu zuen erakusketaren harira. Pazientzia handiz egin beharreko lana da berea, hainbat aldiz joan behar izaten baitu leku berera, argi-momentu onenaren bila. Bere esanetan, "Argia beste ezer ez da argazkia".

 
Urkiolako Toki-Alai zentroak honako ordutegia du, egunero. Goizez, 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 18:00etara. Erakusketa bisitatzeko azken eguna ekainaren 20a izango da.
 
 
Lotura duten albisteak: