Hala, apirilaren 23rako, Urkamendi-Kalbario mendi ibilaldia egitea proposatu dute Morkaiko Mendizale Elkarteak eta Herri Eskolako eta Ikastolako gurasoek.
Debako tren geltokitik abiatuko dira oinez, eta hasiko duten leku berean amaituko dute ibilaldia. Deba ibaia gurutzatu ondoren, pinadi eta zelai artean gora Urkamendiraino igoko dira eta tontorra egin ondoren, Kalbarioko ermitara joango dira. Mokadu bat egingo dute han, indarrak hartzeko, eta Santiagoko erromes bideari jarraika, Debako tren geltokira itzuliko dira. Zazpi bat kilometroko ibilalditxoa izango da, eta Elgoibartik 9:20an irtengo dira. Ordurako agertzea ezinbestekoa da, trenak ez baitu itxaroten. Antolatzaileek jakinarazi dute irteera hau heldu zein umeei zuzenduta dagoela, baina umeak ezingo direla bakarrik joan. Era berean ohartarazi dute eguraldiagatik aldaketak izan daitezkeela, eta abisu edo alerta egoerarik ezarriko balute eguraldi iragarleek, bertan behera lagako luketela irteera.