Elgoibarko Udalak jakitera eman duenez, 905.000 euroko (BEZ gabe) inbertsioa egin dute azken urteetan "Elgoibar %100 LED argidun udalerri" bihurtzeko. Lehendik zeuden 996 LED argiei 1.324 berri gehitu dizkiete eta orain teknologia hori duten 2.320 argi daude Elgoibarren. Udalak Energia eta Mantentze Zerbitzuen (ESE) kontratu bat sinatu zuen Tecuni SAU. enpresarekin, 2022ko martxoan, eta 10 urterako iraupena izango du. Hitzarmen horren barruan, LED argiak ipintzeaz gainera, koadro elektrikoen egokitzapena eta aginte-zentroetan TeleGestioko sistema (monitorizazioa) ere ezarri dituzte. 58 aginte-zentro ipini dituzte guztira.
Argiztapenean erabilitako energiaren kostuan izango den aurreztea ere jakinarazi du Udalak. "Urtean 1.190.910,60 kWh-ko kontsumoa izatetik 501.847,50 kWh-koa izatera pasa gara, eta hortaz, 689.063,10 kWh-koa izan da aurreztutakoa, hau da, energiaren kostuan % 58 aurreztuko dugu urtean".
Tele-kudeaketa sistemak, monitorizazioak, alarmen kudeaketaz gainera, argiteria publikoaren kudeaketa globala ahalbidetzen duela nabarmendu dute udal arduradunek, eta hainbat abantaila zerrendatu dituzte:
- Aginte-zentroak eta telekudeaketa (aurrezpena eta irudia) zehatz eta aldi berean piztea.
- Gune berezietarako pizte bereizia (industrialdeak, aurrezpen handiagoa).
- Kontsumoen kontrola, energia-fakturekin alderatuta (erreklamazioak, jarraipena).
- Baimendu gabeko kontsumoen kontrola (energia-lapurreta).
- Kontsumoen konparazioa (urte bereko hilabeteen artean, hilabete berean urte desberdinetan).
- Beste kontsumo batzuen kontrola (mantentze-lanetarako eguneko erabilera, behin-behineko elikadurak).
Elgoibarko alkate Ane Beitiak adierazi du elgoibartarrek, beharginek eta bisitariek abantaila garrantzitsuak nabarituko dituztela argiterian egin duten inbertsio honi esker. "Hala nola, funtzionaltasunaren eta segurtasunaren hobekuntza, goiko hemisferioak jasaten duen argi-kutsadura murrizketa, argi intrusaren minimizazioa, ingurumenerako kaltegarriak diren emisioak murrizten laguntzea, animalien bizitzarako baldintzak hobetzen laguntzea, hondakinen sorrera nabarmen murriztea, osagai arriskutsuen erabilera ezabatzea -merkurioa, esaterako-, eta abar".