Eibarren egoitza duen Odisea elkarteak antolatuta, mahai-jokoen jardunaldia egin zuten aurreko zapatuan Goñati pilotalekuan. Batetik, Catan eta Carcassonne mahai-jokoak ezagutzera ematea zen antolatzaileen asmoa eta Ludotekako erabiltzaileak gonbidatu zituzten parte hartzera. Bestetik, Madrilen jokatuko dituzten finaletarako sailkapenak zeuden jokoan. Bigarrengoz hartu du Mendarok Catan txapelketako kanporaketa, iaz egin zuten aurrenekoaren ostean. Aurtengoan Catan txapelketaz gainera, Carcassonne jolasarena ere antolatu zuten. Catan jokoarenean mendaroar bat gailendu zen, Mikel Romero gaztea, hain zuzen ere. Carcassone mahai-jokoan, berriz, Miguel Rodriguez eibartarra izan zen irabazlea. Irabazleek 50 euroko bonoa jaso zuten saritzat, txapelketako antolatzaileetariko bat zen Bilboko Distrito zero dendan gastatzeko. Txapeldunordeentzat ere izan zen saririk, 20 euroko bono bana. Sariez gainera, irabazleek Madrilen jokatuko dituzten finaletarako sailkatzea lortu dute. Uztailaren 8an eta 9an jokatuko dute.
Odisea elkartekoek balorazio positiboa egin dute jardunaldiaz. Tenperatura freskoa egin zuen arren, "giro oso polita" eduki zutela adierazi dute eta eurekin jolastera jende asko animatu zela nabarmendu.