Mendaroko alkatearen aurkako pintada eta irainak gaitzetsi dituzte Udalak eta EH Bilduk

Barren.eus 2023ko api. 18a, 15:19

Iñaki Agirre Mendaroko alkatearen aurkako irainak dituen pintadak agertu dira Mendaron, orain gutxi zabaldu zuten igogailu publikoan eta inguruetan.

Pintura gorriz margotu dituzte igogailuaren kanpoaldea eta barrualdea, eta baita inguruko horma eta zorua ere. Mendaroko Udalak ekintza bandalikotzat jo ditu eta gaitzespen mezua zabaldu du. Guztionak diren azpiegiturak zaintzea eta egoki erabiltzea denon eginbeharra dela gogora ekarri dute udaletik. "Horrelako ekintzek kostua dute herritar guztientzat, baina ez hori bakarrik, zerbitzurik gabe lagatzen dituzte herritar asko, herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko ezinbestekoak direnean”, adierazi dute.

Pintadak garbitzeko lanak hasi dituztela jakinarazi dute eta baita kalteak erreklamatzeko prozedura hasi dutela ere. Horretarako igogailuetako kamerek grabatutakoa erabiliko dute.
Udalak "ardura" eta "eskuzabaltasuna" aldarrikatu ditu eta herritarrei eskatu die, ekintza bandaliko horien berri izanez gero, Ertzaintzari jakinarazteko.
 • Mendaroko EH Bilduren gaitzespen mezua
Mendaroko alkatearen aurkako pintada eta irainak lekuz kanpo daudela salatu du Mendaroko EH Bilduk. "EH Bildutik gure babesa adierazi nahi diegu Iñaki Arregi eta bere ingurukoei. Zoritxarrez, ez da politikarien edo tokiko elkarteen aurkako irain eta mehatxuekin pintadak agertzen diren lehen aldia. EH Bildutik lan egingo dugu horrelako ekintzak errepika ez daitezen", adierazi dute.

*Argazkiak: Mendaroko Udala.

2023 04 18 pintada irainak alkatea mendaro igogailua eskailerak

2023 04 18 pintada irainak alkatea mendaro igogailua barruan

2023 04 18 pintada irainak alkatea mendaro igogailua lurrean