Mahai-aulkiak eta parrilak dituen aisia gune gabe geratu da Sallobente

Barren.eus 2023ko api. 19a, 14:56

Sallobente-Ermuaraneko aisia guneko instalazioak erretiratu ditu Elgoibarko Udalak, zelaiaren jabeek hala eskatuta.

Udaletik jakitera eman dutenez, mahai-aulkiak eta parrilak dauden zelaiguneko jabearekin hitzarmen bat zuten, 1999. urteaz geroztik. Hitzarmenaren arabera, jabeak zelai hori erabiltzen lagatzen zion Udalari, debalde, "inongo errentarik kobratu gabe". Udalak mahai-aulkiak eta parrilak jarri zituen zelai horretan eta ordutik eremu hori herritarren aisialdirako erabili da.

Orain, baina, hitzarmena sinatu zuen pertsonaren oinordekoek adierazi diote Udalari ez dutela lagapenarekin jarraitu nahi, eta hitzarmenari amaiera eman nahi diotela. Era berean, Udalari eskatu diote zelaian dauden instalazioak (mahai, banku, parrila eta abar) kentzeko. Jabeekin berba egin eta akordio batera ailegatzen saiatu diren arren, ez dutela nahi zuten emaitzarik lortu esan dute udal arduradunek. Ondorioz, Udalak mahaiak, bankuak eta parrila erretiratu ditu. Edonola ere, era honetako aisia guneak sustatzen jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute Udaletik.

2023 04 20 sallobente aulkiak parrilla mahaiak kendu BARREN

2023 04 19 sallobente aisia gunea mahaiak BARREN 1

2023 04 19 sallobente aisia gunea mahaiak BARREN astoa