Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztuko dituen lehen hamar zerrendakideak aurkeztu zituen Elgoibarko EH Bilduk martxoaren amaieran, baina orain lantalde osoaren aurkezpena egingo dute. Zapatuan, apirilaren 22an egingo dute ekitaldia, Kalegoen plazan, 13:00etan hasita.
Ildo beretik, 'Elgoibar Abante!' izenburupean, hiru solasalditako zikloa antolatu du koalizio abertzaleak Elgoibarrerako. Atzo, martitzena, egin zuten aurrenekoa. Nerea Kortajarena Ibañez (Donostia, 1974) legebiltzarkideak zaintzari buruz berba egin zuen Aitziber Aranberri alkategaiarekin batera Aita Agirre Kulturgunean. "Aukera ona izan zen zementuaren aurrean zerbitzuek duten lehentasuna azpimarratzeko eta zaintza publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko", adierazi dute.
Hurrengo solasaldian Haizea Kortaberria Garetxana (Eibar, 1995) izango da gonbidatua eta gazteen premiak izango ditu hizpide, besteak beste, Euskal Herriko Neska* Gazteen lantalde motorreko kidea den Kortaberriak. Apirilaren 25ean izango da solasaldia, 19:00etan EH Bilduren Bilgunean.
Hirugarren solasaldiko gonbidatua Arnaldo Otegi izango da. "Hobetzeko garaia da!" izeneko hitzaldia emango du politikari elgoibartarrak, maiatzaren 2an, Aita Agirre Kulturguneko hitzaldi gelan, 19:00etan.