Islama praktikatzen dutenek martxoaren 23an ekin zioten Ramadana ospatzeari, eta gaur izan dute dute azken eguna, ilberrian. Izan ere, musulmanen egutegiko bederatzigarren hilabetean ospatzen duten tradizioa da Ramadana. Egutegi gregorianoarekiko egun kopuruan duen desberdintasuna dela-eta, Ramadamaren hasiera eguna aldakorra da. Ohi duten moduan, Ramadanerako garaiaren amaiera festa batekin ospatu dute gaur. Festari Eid Al Fitr deitzen diote, Baraua etetearen jaialdia. Halaxe egin dute Elgoibarren ere. Hasteko, Salat otoitza egiteko batu dira IMH kiroldegian, 8:00etatik 8:45era bitartean. Imanaren hitzaldia entzun ostean, elkar agurtu eta besarkatuz ospatu dute Ramadanaren bukaera. Azaldu dutenez, gosaria familia eta lagun artean egitea da ohitura eta musulman askok etxerako bidea hartu du IMHko Kiroldegiko ekitaldiaren ostean. Beste batzuek, baina, Elgoibarko meskitan gosaldu dute elkarrekin, bakoitzak etxetik eramandako jakiekin, gozoak batik bat. Udaleko ordezkariak ere gonbidatu dituzte gosarira eta han izan dira Ane Beitia alkatea eta udaleko eta alderdietako beste zenbait ordezkari. Elgoibarko Izarra eta BARREN ere gonbidatu dituzte eurentzako hilabete sakratua denaren amaiera ospatzera.
Ramadanak irauten duen bitartean, egunsentitik ilunabarrera arte musulmanek ez dute jan-edanik egiten, zigarrorik erretzen edo sexu harremanik izaten. Horrez gain, Korana maizago errezitatzen dute, normalean baino gehiago errezatu eta pentsamendu onak izaten saiatzen dira. Nor bere buruarekin bakean egotea bilatzen dute, Jainkoarekiko kontzientzia haunditzeko. Nouhaila Aarichek BARRENi esan dionez (ikus beheragoko bideoan), ramadan aldiak izugarrizko mesedea egiten die, eta indartuta irteten dira hilabete honetatik.