Martitzenean zabalduko dute udako oporraldirako izena emateko epea

Barren.eus 2023ko api. 24a, 10:19

Atxutxiamaikak eta Udal Ludotekak HH2tik LH6ra arteko umeentzako udako oporraldia antolatu dute, eta martitzenean (apirilak 25) zabalduko dute izena emateko epea.

Apirilaren 25etik maiatzaren 7ra arte eman ahalko da izena, eta maiatzaren 20an esleituko dituzte plazak, behar den kasuetan zozketa eginez.
Urtero bezala, bi txanda egongo dira aukeran: lehenengoa ekainaren 26tik uztailaren 7ra, eta bigarrena, uztailaren 10etik 21era. 09:30etik 13:00etara arteko zerbitzua emango dute, eta LH1-3 arteko umeek egun osoko irteera izango dute astean behin. LH4-6koentzat egonaldiak eta ekintza solteak antolatu dituzte. Atxutxiamaikak, bestalde, eskaintza honen osagarri diren goizeko zaintza zerbitzua eta txoko osagarriak eskainiko ditu. Goizeko zaintza oporraldi osoan zehan egongo da aukeran, 08:00etatik 09:30era, eta txoko osagarriak bestalde, ekainaren 22-23an eta uztaileko azken astean eskainiko dituzte.
Izena emateko: www.elgoibarkoizarra.eus webgunean, Elgoibarko Izarraren bulegoan edota Ludotekan. Informazio gehiago nahi duenak Elgoibarko Izarrara (943 741 746) edo Ludotekara (943 748 883) deitu dezake.

 • Udalaren diru-laguntzak
Era berean, Udalak udako oporraldiko parte-hartzea bermatzeko eskainiko dituen diru-laguntzak apirilaren 25etik maiatzaren 7ra bitartean eskatu ahal izango dira www.elgoibar.eus -en edo H.A.Z.en (Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuan). Honakoak dira laguntzak:

  • DBE eta GLL laguntza jasotzen duten familiek kuotaren %70eko dirulaguntza jaso dezakete.
  • Familia ugariek eta guraso bakarreko familiek, seme-alaba bakoitzeko kuotaren %30eko dirulaguntza jaso dezakete.
  • Bigarren seme-alaben izen ematea egiten dutenek, bigarren honen kuotaren %30eko dirulaguntza jaso dezakete.

Informazio gehiago udaletxean bertan jaso ahal izango da 943 741 050 telefonoan edota gazteria@elgoibar.eus helbidera idatzita.