Elgoibarko Izarraren barruan sortu den Ilunberri Achademiak hitzaldi ziklo bat antolatu du Udalaren laguntzaz, Goi Erdi Aroko mende ilunak argitzen izenburupean. Jokin Lanz Beteluk eman zuen aurreneko hitzaldia, Baskonia erromatarren garaian eta ondorengo mendeei buruzkoa. Iñaki Lopez de Luzuriagak (Gasteiz, 1973) emango du bigarren saioa eguenean, 19:00etan, Aita Agirre kulturgunean.
Baskoniako Dukerriaren sorrera, franko merovingio eta karolingioen eragina, eta Akitania-Baskoniako Dukerri burujabe bikoitzaren goraldi eta gainbehera izango ditu hizpide, besteak beste, Iñaki Lopez de Luzuriagak. Gainera, aztertuko du nola gerra higatzailearen dialektikak Garona ibaiaren atariraino ekarri zituen indar karolingioak, eliza lagun hartuta, eta lupa gerra luze hartako (711-768) gertakizunetan jarriko du.
Euskal filologian tituluduna eta humanitate digitaletako graduondoduna da Lopez de Luzuriaga ikasketaz, itzultzailea ofizioaz eta historia gaietako ikertzailea eta dibulgatzailea afizioz. Gainera, Euskal Wikilarien Elkarteko batzordekidea ere bada, eta Nabarralde eta UEUko kidea ere bai.
'Goi Erdi Aroko mende ilunak argitzen' zikloa
Erromaren krisialdi eta hondamendiaren ondorioz anabasa eta bortxa giroa nagusitu ziren mendebaldeko inperioaren lurraldeetan. Hainbat herrik, gehienak jatorri germaniarrekoak, nahi izan zuten hark utzi zuen botere hutsunea bete. Euskal Herria ez zen salbuespen izan. Garaiko euskal lurraldeetako biztanleek kaos eta bortizkeria egoera pairatu zuten, eta haiei aurre egiteko antolatzeari ekin zioten. Ordutik dator euskaldun oldarkor beregain zalearen mitoa, kanpotik datozkion inposaketa “zibilizatzaile” guztien aurka borrokatzeko beti prest. Dokumentazioa urri eta elezaharra franko duen garai hau izango du aztergai Goi Erdi Aroko mende ilunak argitzen zikloak.