Landatutako landareentzat lurrean egiten den zuloa da txorkoa, euri-ura biltzeko edo ureztatzea errazteko funtzioa duena. Herriguneetako txorkoak bereziagoak dira baina, zoladura iragazgaitz eta trinkoetan (espaloi, plaza eta kaleetan) landatzen baitira zuhaitzok. Kasu honetan, zolatu gabe lagatzen den zatia da txorkoa, zuhaitzak hazten diren lur zatia. Era askotariko txorkoak daude hiri eta herrietan, sareta metalikozkoak, zuhaitzaz gain loreak eta zuhaizkak dituena e.a. Elgoibarko Udalak agregarekin eta konglomeratzaile naturalekin egonkortutako lurzorua erabiliko du herrigunean dauden 35 txorkotan.
Aukeratu duten babesgarriaren abantaila nagusiak oztopo arkitektonikoak kentzea, "txorkoa inguruaren maila berean geratzen baita", uraren drainatzea hobetzea, mantentze-lanak aurreztea eta belar txarrak ez haztea direla nabarmendu dute. Lanok 4.578 euroko (BEZ, gabe) aurrekontua dutela jakinarazi dute. Hasita daude lanak eta apirila amaitu baino lehenago amaitzea aurreikusten dute.