Hiru dira saridunak: Beasain ikastolako bi ikasgela, IES Elgoibar BHI ikastetxeko Korrikazlagundu taldea eta Urretxu-Zumarraga Ikastolako Ezientzia taldea. Jakes Goikoetxea Arizmendik, Ibai Aranbarri Arriolak eta Ander Bizkarguenaga Gomezek osatzen dute Elgoibarko taldea. Argazkian Alazne Ugarteburu tutorearekin ageri dira.
Eskola-komunitateari begira sortutako proiektua da Kaixomundua.eus eta webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzeko eta eduki digitalak euskaraz sortzeko sortu zuten, bai eta trebakuntza teknologikoa behar duten irakasleen prestakuntzea indartzeko ere. Laugarren edizio honetan Euskal Herriko 36 ikastetxetako 1.218 ikasle aurkeztu dira lehiaketara, 402 taldetan banatuta, eta parte-hartzea orain arteko handiena izan da, PuntuEuseko zuzendari nagusi Josu Waliñok adierazi duenez. Hiru mailatan banatu dituzte parte-hartzaileak: DBHko lehenengo eta bigarren mailakoak; DBHko hirugarren eta laugarren mailakoak, eta azkenik, Batxilergokoak. Aurten, baina, DBHko bigarren zikloan bi irabazle izendatu dituzte.
DBHko lehenengo zikloan, Beasain ikastola saritu dute, karkarzirkoa.eus proiektuagatik. DBHko bigarren zikloan, berriz, IES Elgoibar BHI ikastetxeko Korrikazlagundu taldea eta Beasaingo Pentsatzen taldea saritu dituzte, , Korrikazlagundu.eus eta Pentsatzen.eus webguneagatik, hurrenez hurren. Batxilergoko saria, berriz, Urretxu-Zumarraga ikastolako Ezientzia taldeak irabazi du Ezientzia.eus proiektuarekin.