Iker Izeta Sanloko jokalariaren agurrak eskubaloia eta musika uztartu ditu

Barren.eus 2023ko mai. 6a, 21:21

Hamazortzi urte egin ditu Sanlon Iker Izetak, baina eskubaloitik erretiroa hartzea erabaki du. Alcortaren etxeko azken partidan ezusteko omenaldia eman diote taldekideek eta klubak, eta baita Mauxitxa txarangakoek ere, txarangako kidea ere bada eta Izeta. (bideoa)

Alcorta Forging Grout taldeak gaur arratsaldean Olaizagan jokatu duen partida, eta partida ondokoa, bereziak izan dira. Batetik, ligako azkenaurreko partida jokatu dutelako, etxeko azkena. Alcortak matematikoki maila galduta badu ere, dena ematera irten dira zaleen aurrean jokatu duten denboraldiko azken partidan, eta estu hartu dute euren multzoko liderra den -igoera fasea jokatuko dute- Romo Broker talde bizktaitarra. Neurketa lehiatu baten ostean, 23-28 irabazi dute bisitariek.

Bestetik, Iker Izetaren agurrak egin du berezia gaurko kirol saioa. Beroketa saioak amaitu ostean, aldageletan sartu dira Alcortako jokalariak eta entrenatzaileak eta handik kamiseta bereziak jantzita irten dira denak, atzealdean 'Izeta' idatzita zutela. Orduan hasi da taldekidearentzat prestatuta zuten omenaldia. Bi taldeetako jokalariek ohorezko pasilloa egin diote Izetari, eta oroigarriak eta Sanloren aitortza jaso ditu honek kantxaren erdian.

Harmailak beteta zirela hasi da gero partida, eta minutu gutxi zeramatzatanean txaranga doinuak hasi dira entzuten. Orduantxe sartu dira atetik Mauxitxakoak, txarangakidea ere baden Iker Izetaren agur partidan egon nahi baitzuten. Neurketa bukatu ostean ailegatu da omenaldiaren bigarren zatia. Halere, izan du bitxikeria bat partidak azken ondarrean, arau hauste bat egiteagatik txartel gorria atera baidiote epaileek Izetari, eta ezin izan du partida amaitu. Epailek hartutako erabakiarekin haserre zegoen arren, azkar pasa zaio trago txarra.

Alcortako jokalariek "Mila esker, zuek gabe ezin" idatzita zuen pankarta zabaldu dute kantxaren erdian, zaleei euren babesa eskertzeko. Zaleen denboraldiko azken txaloak entzun eta gero, harmailetatik kantxara jaitsi dira Mauxitxa txarangako kideak, eta Izetari bere instrumentua eman ostean zenbait pieza jo eta dantzatu dituzte kantxan, demaseko giroa sortuz. Hala, Izetak, bere bi afizioak uztartuta esan dio agur horietako bati, eskubaloiari.

 

2023 05 06 iker izeta sanlo eskubaoia omenaldia taldearg BARREN

2023 05 06 iker izeta sanlo eskubaoia omenaldia airera BARREN

2023 05 06 iker izeta sanlo eskubaoia omenaldia txarangagaz2 BARREN

2023 05 06 iker izeta sanlo eskubaoia omenaldia txapelagaz BARREN

2023 05 06 iker izeta sanlo eskubaoia omenaldia argazkiagaz BARREN

2023 05 06 iker izeta sanlo eskubaoia omenaldia pasiloa BARREN