Igoera faseko partida jokatu zuten lehenik, Mintxetan, Orioko futbol taldearen aurka eta 3-2 gailendu ziren elgoibartarrak. Partidaren ostean, Maalako parkera jaitsi ziren jokalariak, mailaz igo izana ospatzeko ekitaldia antolatu baitzuen klubak, 21:30ean. Taldekideak eta entrenatzaileak banan-banan igo ziren eszenatoki gainera, eta Ion Gurrutxaga kazetariak eginiko zenbait galdera ere erantzun zituzten hiru taldekidek. Taldearen arrakastaren gakoez galdetu zion Gurrutxagak taldeko jokalari beteranoenetarikoa den Sara Arriolari, eta taldekideei botatzen dizkien bronkak eta ilusioa aipatu zituen honek. "Ilusio handiarekin hasi genuen bide hau orain dela lau urte eta ilusioarekin jarraitzen dugu, eta hona ailegatu gara hemen (eszenatokian) dauden neskengatik eta taldean egon direnengatik", esan zuen Arriolak.
Garazi Catalanek ere egin zuen berba, arratsaldeko partidan garaipenaren gola sartu zuen jokalariak. Denboraldia bukatzeko gelditzen zaizkien bi partidak irabazteko asmoa dutela esan zuen, baikortasun handiz, eta partida horiek ikustera animatu zituen zaleak.
Igoera faseko azken partida jokatzea gelditzen zaie orain. Antiguoko taldearen kontra lehiatuko dira, Donostian, maiatzaren 14an. Galdu ala irabazi, ziurtatuta dute igoera faseko euren multzoko lehen postua, eta hortaz, igoera faseko beste multzoan lehen postua lortzen duen taldearen aurka jokatuko dute Erregional mailako txapelduna zein den erabakiko duen finala. Beste multzoan Hernani eta Hondarribia daude lehen bi postuetan, oso parekatuta, eta azken jardunaldian erabaiko da zein izango den elgoibartarren aurkaria.