Trail running-eko modalitate guztietako probetan lehiatu dira Casa Astigarraga taldeko saltakariak

Barren.eus 2023ko mai. 10a, 13:41

Casa Astigarraga trail taldeko kideak bete betean murgilduta daude mendi lasterketen denboraldian. Joan den asteburuan, esaterako, ultra distantziako zein kilometro bertikaleko probetan hartu zuten parte taldeko ordezkariek.

Trail running-eko modalitate guztietako lasterketa ofizialetan lehiatzeko aukera izan zuten mendi lasterkariek, joan den asteburuan: Bertikalen Euskal Herriko Txapelketa, Ultrako Euskal Kopako bigarren proba eta Lineako Euskal Koparen laugarren proba jokatu baitituzte, eta guztietan izan ziren Casa Astigarraga trail taldeko ordezkariak.

Azpeitian batu zen taldeko ordezkaritza zabalena, Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren bigarren edizioan parte hartzeko. 500 korrikalarik baino gehiagok hartu zuten parte Ultrako Euskal Kopako bigarren proban, tartean hamar elgoibartarrek eta mendaroar batek. Jose Luis Diez "Txelu" eta Pilar Arriola izan zen gure ordezkarietan azkarrenak. Txelu 146. postuan sailkatu zen, 9 ordu 17 minutu eta 13 segundoko denborarekin. Arriola 34. postuan sailkatu zen emakumezkoetan (11:16:31), Laura Rodriguez (11:24:35) elgoibartarra baino hiru postu aurrerago, hain justu ere.
Azpeitiko plazatik abiatuta, 65 kilometroko ibilbidea osatu zuten mendi lasterkariek Azpeitia, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama artean. Borja Zubizarreta azkoitiarra eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra izan ziren probako irabazleak, bigarren sailkatuei alde handia aterata. Zubizarretak 05:53:33ko denboran osatu zuen ibilbidea eta 07:09:13 denboran amaitu zuen proba Azkorbebeitiak.
 • Gazteenak podiumean
Lineako Euskal Herriko Koparako laugarren proba puntuagarria den Kanpezu Ioar mendi maratoi erdian ere hartu zuten parte taldeko korrikalari gaztetxoenek, domekan. Parte hartzaileak 26 kilometro eta ia 2.000 metroko desnibel positiboa zituen ibilbidean lehiatu ziren, eta Maud Combarieu eta Irazu Aranburu izan ziren azkarrenak. Julen Dobarro mendaroarrak lehen postua eskuratu zuen kadeteetan eta Eneko Etxaniz elgoibartarrak bigarrengoa jubeniletan. Alex Berguak laugarren egin zuen jubeniletan.

2023 05 07 kanpezu maratoi erdia hirukotea casa astigarraga
 • Ainhoa Lendinezentzat laugarren postua, Txindokiko Kilometro bertikalean
Lasterketa bertikalen Euskadiko txapelketa izan da aurtengo Txindokiko Kilometro Bertikala. Joan den domekan jokatu zuten Larraitzen (Abaltzisketa). 3,6 kilometro eta 980 metroko desnibel positiboa zituen ibilbidean Ïu Net Puig kataluniarra gailendu zen, 34:22ko denborarekin. Euskal txapelaren bila irten ziren guztietatik, lehen euskal korrikalaria Iñigo Alzola arrasatearra izan zen. Bederatzigarren postuan sailkatu zen 36:28 denborarekin. Emakumezkoen lehian, errekorra ondu zuen Naiara Irigoien nafarrak: 40 minutu eta 20 segundu. Euskal Herritarren artean, Maite Zabaleta aretxabaletarra sailkatu zen bigarren postuan eta Leire Elola tolosarra hirugarrengoan. Ainhoa Lendinezek (47:54) laugarren postua eskuratu zuen, eta bigarrengoa beteranoen artean. Casa Astigarraga taldeko hiru ordezkarik hartu zuten parte igoeran. Iñaki Goenagak, Martin Egizabalek eta Pablo Egizabalek. Azken biak podiumeko bigarren kaxoira igo ziren jubenil eta junior kategorietan.

2023 05 06 txindoki km bertikala casa astigarraga trail

2023 05 07 txindoki KB lendinez

2023 05 06 domusa teknik azpeitia txelu helmuga casa astigarraga trail

2023 05 06 domusa teknik azpeitia elgoibartarrak pilar ariola casa astigarraga trail

2023 05 06 domusa teknik azpeitia elgoibartarrak jon laura rodriguez casa astigarraga trail

2023 05 06 domusa teknik azpeitia elgoibartarrak 3 helmg casa astigarraga trail

2023 05 06 domusa teknik azpeitia jose nova casa astigarraga trail

2023 05 06 domusa teknik azpeitia elgoibartarrak g casa astigarraga trail