"Talentuaren, hezkuntzaren eta berrikuntzaren alde egindako apustuaren" barruan kokatu du bisita Elgoibarko EAJk. Maialen Gurrutxagak esan du industria izan behar dela Elgoibarren azpiegiturak, zerbitzuak eta bizi-kalitatea hobetzeko oinarria eta agindu du EAJtik herriko industriari eutsiko diotela globalizazioaren eta ziurgabetasunaren aroan. EAJren alkategaiak esan du Elgoibarko industria sendotzen eta hedatzen lagunduko duten proiektuak garatu nahi dituztela, eta horretarako, lurra bilatzen eta enpresak Elgoibarrera erakartzeko aukerak aztertzen ari direla. Industria indartzeko, hezkuntza funtsezko zutabea dela nabarmendu du Gurrutxagak eta horretan Elgoibarren ematen den Lanbide-Heziketa eta unibertsitate-hezkuntza Europan erreferenteak direla esan du. Eta gehitu du: "Talentua behar dugu, talentu osoa, erronka demografikoari erantzuteko eta gure ongizate mailari eusteko. Gure hezkuntza-sistemak eboluzionatu egin behar du gaur egun ez dauden eta aurreabisurik gabe sortuko diren enpleguak prestatzeko eskaerei erantzuteko". Hala, tokiko hezkuntza batez ere industrian oinarritzearen aldeko apustua egin du.