Azoka 11:00etatik 14:00etara egingo dute, eta 38 postu jarriko dituzte Lekueder parkean, Elgoibarko ikastetxeetako ikasleen proiektuekin eta Bizilabe ekimenean parte hartzen duten haurren lanekin. Horrez gain, robotika ikastaroko ikasleen lanen postuak, stand profesionalak eta Lanbide heziketako ikastetxeen eta unibertsitateen postuak ere egongo dira.
• Zortzi bizipen zientifiko aukeran
Bizipen zientifiko desberdinak izango dira aukeran eta HH2tik aurrerako umeek tailerretan parte hartzeko aukera edukiko dute. Horretarako izena beharko dute informazio gunean, 10:30etik 12:45era. Iaz egin zuten estreineko Elgoibarko Zientzia Azoka.
1 STEAM PROIEKTUAK
Azokan parte hartuko duten eragileen steam proiektuak egongo dira ikusgai. Hauek dira aurtengo partaideak: Elgoibar BHI, Elgoibar Ikastola, Herri Eskola, IMH Campus, MEKA Lanbide Eskola, Bizilabe, Robotika dibertigarria, DanobatGroup, Berkoa eta Somabe.
2 TXIKITXOKOA (HH2-HH5)
Hainbat gune jarriko dituzte: Uraren grabitatea, magnetismoa, haizearen tunela, penduloa, joku heuristikoa eta esperimentazio mahaiak.
3 APHERO MINI-REN IBILALDIA
SMART CITY-N (HH5)
Sphero Mini robot bat da, eta programatu egin daiteke. Erronka: robota hiriko puntu batetik bestera automatikoki joatea, kaleen eta hiriaren mugak Lego piezekin ezarrita.
4 OZOBOT-EN IBILALDIA SMART CITY-N (LH1-LH2)
Ozobot sentsore desberdin ugari dituen robota da, eta haren mugimenduak oso zehatzak dira. Robota hiri osoa modu autonomoan zeharkatzeko gai izateko moduan programatu beharko da.
5 ERREALITATE AREAGOTUA (LH3-LH4)
Itsas ingurunea birsortuko dute, ontziak haizearekin mugituz eta txalupak arraunekin. Hegaztiek, bestalde, bizitasuna emango dute, eta klima aldakorraren arabera mugituko dira.
6 STEAM GINKANA (LH4-DBH1)
Aurkikuntzaz eta erronka zientifiko-teknologikoz betetako abentura batean murgiltzeko ariketa izango da. Ginkana hau jarduera ezin hobea da adimena, logika eta trebetasun zientifiko-teknologikoak probatzeko.
7 WEREABLE-AK - ZIRKUITU ELEKTRIKOAK (LH4-DBH1)
Zirkuitu elektrikoei buruz ikasi ahal izango dute umeek modu dibertigarri eta praktikoan. Argidun pin apaingarriak sortu eta plastilina eroalearekin zirkuitu elektrikoak egingo dituzte.
8 ATMOSFERAREN PRESIOA AZTERTZEN (LH4-DBH1)
Atmosferaren indarraren misterioa eta nola eragiten dion gure munduari ikasteko jarduera da. Presio atmosferikoari eta haren propietateei buruzko erakustaldia egindo dute, STEAM hezitzailearen laguntzarekin.