Mendarotik eta Elgoibartik pasatuko da gaur, bariku eguerdian, Euskal Herriko Itzulia

Barren.eus 2023ko mai. 12a, 07:33

Ordutegirik onenean, 12:47ak aldera igaroko dira Mendarotik, eta 12:51 aldera, Elgoibartik. Demi Vollering eta Anemiek Van Vleuten dira itzulia irabazteko faborito nagusiak.

 Hiru etapa izango ditu guztira Emakumeen Euskal Herriko Itzuliak, eta gaur hasi, eta domekan amaituko da lasterketa,  Donostian. Lasterketaren hiru etapak kontuan hartuta, zazpi mendate gainditu beharko dituzte:  lehenengo mailako bat, bigarren mailako bi, eta hirugarren mailako lau. Partaideen artean World Team mailako zortzi talde arituko dira, eta Kontinental mailako hamahiru. Tropelean izango dira Movistar, Laboral Kutxa, Bizkaia-Durango eta Sopela.

 
Gaurko etapa Etxebarrian hasi da, 9:53an, eta Bizkaiko kostaldean barrena ibili ostean pasatuko da tropela gureetik. Gora eta behera ibiliko dira lehenengo berrogeita hamar bat kilometroan, eta Gontzagaraigana izango dute eguneko lehen mendate puntuagarria. 2,6 kilometroko igoera da, eta %6,5eko pendiza du. Gaurko etapa, baina, Urkaregin erabakiko da ziurrenera (5,8 kilometro eta %4,6ko pendiza), igoeran eta jaitsieran. Markina-Xemeinen bukatuko da gaur lasterketa, eta maillot horia jantziko du han irabazleak.