Diagnostikoaren helburua da udalerrian zainketen arloan bizi den egoeraren argazkia egitea eta, horrela, dauden beharrak eta problematikak identifikatzea.
Udaletik azaldu dutenez, koronabirusak eragindako krisi sanitario, ekonomiko eta sozialak "gabeziak" nabarmendu ditu zaintza ereduan eta sisteman, eta horrek, zaintzaren egitura tradizionalak aldatzeko beharra azaleratu du.
Zaintzalab-Elgoibarren helburua da iraupen luzeko zainketen arloko jardunbide egokien esperientzia pilotu bat sortzea. Egitasmoa gauzatzeko hiru epe zehaztu dituzte. Lehenengoa iaz egin zuten, zainketen arloan tokiko esperientzia berritzaileen jardunbide egokien gida bat sortu zuten. "Horretarako, Gipuzkoan eta Euskadin zaintzaren arloan tokiko mailan egin diren esperientzia berritzaileei buruzko informazioa eta ezagutza identifikatu eta bildu da", azaldu dute Udaletik. Proiektuaren bigarren fasean, Elgoibarko zainketei buruzko diagnostiko bat egingo dute, eta, azkenik, hirugarren fasean, diagnostikoaren bidez lortutako informazioaren arabera, udalerriko zaintza-ereduaren jarduera-plan bat diseinatuko dute.
• Diagnosia, hasita
Dagoeneko hasi dira diagnosia egiten, udalerrian zainketen arloan bizi den egoeraren argazkia egiteko, horrela, dauden beharrak eta arazoak identifikatzeko. Kontuan hartuta zainketen kontzeptua oso zabala dela eta gai horrek hainbat pertsona-profil dituela, lehen diagnostiko eta ekintza-plan honetan, arreta, 65 urtetik gorako pertsonengan jarri dute, eta bereziki Gizarte Zerbitzuekin harremanik ez duten eta arrisku-egoeran edo mendetasun-hasieran dauden pertsonengan.
65 urtetik gorako Elgoibarko bizilagun guztiei galdetegi bat bidali diete, posta gutun bidez. Betetzeko epea maiatzaren 22an amaituko da. Inkesta Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZen), Jubilatuen Biltokian, Aita Agirre kulturgunean, Olaizaga kiroldegian edo Musika Eskolan entregatu daiteke, leku horietan ipini dituzte kutxetan.
Galdetegia online ere bete daiteke esteka honetan: https://labur.eus/ZaintzaLabElgoibar
Ahalik eta informazio gehien biltzea funtsezkoa dela gogora ekarri dute sustatzaileek, Elgoibarren zaintzaren arloan dauden beharrei eta arazoei erantzungo dien ekintza-plana egin ahal izateko. Hori dela eta, inkesta betetzera animatu ditu Udalak herritarrak, bereziki 65 urtetik gorakoak, familiako zaintzaileak, e.a.