Iñaki Arregi: “Gure taldeak indarra eta konpromisoa erakutsi du gure herriarekin”

Barren.eus 2023ko mai. 12a, 08:00

Iñaki Arregi Uria (Mendaro, 1968) da alkate izateko Mendaroko EAJren hautagaia. Bigarrengoz aukeratu du alderdiak Arregi alkatetzarako. 2019ko hauteskundeetan bigarren indarrik bozkatuena izan zen EAJ-PNV Mendaron eta Mari Jose Telleria PSE-EEko zinegotziaren botoarekin izendatu zuten alkate Arregi.

Arregi enpresa pribatutik iritsi zen politikagintzara eta honako hau hirugarren legegintzaldia izango du Mendaroko Udalean, 2015ean aurkeztu zelako estreinakoz udal bozetarako EAJren zerrendetan.

Bigarrenez aukeratu zaitu alderdiak alkatetzarako hautagai izateko. Zerk lotu zaitu oraingoan baietza ematera?
Harro eta ardura handiarekin hartzen dut bigarren aldiz nire herriko alkatetzarako hautagaitza. Lau urtean lan asko egin dugu eta umiltasunez esan dezaket Mendaro hobe bati bidea eman diogula. Mendaro hobeki dago gaur egun duela lau urte baino: Jasangarritasun energetikoan pauso handiak eman ditugu, irisgarritasunean, auzoen berroneratzean, kultur eskaintzaren zabalpenean…, baina asko geratzen zait egiteko. Proiektu asko eta asko ditugu mahai gainean eta lau urte baino gehiago behar dute abian jartzeko: zubi berriaren eraikuntza, zubi zaharra berritzea, etxebizitza berriak eraikitzea, kirol azpiegitura berriak sortzea, bidegorria, Ekiola… Proiektu hauek egikaritu nahi ditut datozen lau urteetan.

Zergatik eman beharko genizuke botoa?
Emandako hitza betetzen dugulako. Gure taldeak indarra eta konpromisoa erakutsi du gure herriarekin. Mendarok proiektu bat edo bestea aukeratu behar du, eta argi dakite mendaroarrek gure proiektua aurrerakoia dela, herri hobe bat eraikiko duela eta herritarren bizi-kalitatea nabarmen hobetuko duela. Gure proiektuarekin aipatutako ekimen guztiei emango diegu bide; ahaleginduko gara mendaroarren ongizatean are gehiago sakontzen.

Zeintzuk dira Mendarok dituen hiru gabezia handienak, eta, kontrara, zerk ezaugarritzen du?
Irisgarritasun eta azpiegitura publiko falta da gabezia handiena. Bi horiek zuzentze bidean ditugu: zubi berria eta zubi zaharra, kirolgune+futbol zelaia, bidegorria, igerilekuak… herria biziberrituko duten piezak dira. Eta ezaugarritzen gaitu gure izaerak, gure idiosinkrasiak, gure hizkuntzak, bizitzeko erak, konpromisoak.

‘Euskalgintzan eta kulturgintzan krisian gaude’, zioen Elgoibarren Jon Sarasuak, Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren koordinatzaileak. Sarasuak zioen ez dauzkagula beste hamar urte despistatuta egoteko; jauziak eman behar direla. Zer jauzi emateko prest zaudete? Zer beste proposatzen duzue euskalduntasunean sakontzeko eta mendaroarrak komunitate moduan ahalduntzeko? Zer, herri-kohesioa indartzeko?
Egia da komunitate izaera hori, garai batean sakonagoa zena, gaur egungo bizitzeko ereduak aldatzera eraman duela: gizarte indibidualistagoa gara, bakoitzak bere bizitza egitekoa. Baina esango nuke Mendaron, herri txikia izateak ere laguntzen du horretan, auzo-bizitza hori mantentzen dugula, antolatzen garela herriko ekimenak aurrera eramateko eta bakoitzak duen alea jartzen duela. Konpromiso hori nik ikusten dut egun, baita gazteenengan ere. Partaidetzak, komunitate izaera hori indartzeko ekitaldiak eta programak bultzatzean nahi dugu sakondu. Gure programan proposatu dugu, esaterako, komunitate izaera hori indartzeko espazio berrien sorkuntza Herriko Enparantza oinezkoentzako espazio bilakatuz. Eta horren transmisioan euskara ere giltzarri da. Herri euskalduna gara eta euskaraz bizi gara; baina erabileran jarri behar dugu arreta.

Zer eskaintza dakar zure alderdiak Mendaro herri abegikorragoa egiteko?
Mendaro jada abegikorra da. Guztiz. Baina erabat dago zer hobetu. Eboluzio konstantean aurkitzen da gizartea, baita herria ere. Beharrak sortzen doaz erabat, ereduak aldatzen, eta bide horretan tinko jarraitzea ezinbestekoa da herria bera, zein herritarrak, atzean gera ez daitezen. Oinezkoentzako herria osatu nahi dugu, espaloiak zabaldu, espazio atseginak sortu, irisgarri egin herria. Parkeak berritu nahi ditugu ere, eta adin eta gustu ezberdinetarako guneak eskaini.

Gizartean, eta bereziki gazteen artean, erakundeen eta alderdi politikoen aurkako sumindura, etsipena eta frustrazioa orokortu egin direla diote azken ikerketek eta alderdietatik kanpo politika egiteko hautua zabaltzen ari dela. Zuen posiziotik zer gogoeta egiten duzue honen inguruan?
Politika da erreminta bat gehiago eta osagarriak direla deritzot. Sumindura uler dezaket, baina gazteak herri eraikuntzan inplikatzera eta parte hartzera animatzen ditut, polita delako zure etorkizunaren eraikuntzan parte-hartzera.

Pandemiak erakutsi du egoera zaurgarrienetan haurrak eta adin nagusikoak direla ahaztuenak, ez direlako parametro produktibistetan txertatzen. Nola bideratuko zenukete haienganako kudeaketa publikoa direnak baino zaurgarriago izan ez daitezen?
Mendaron ez da hala izan. Adin nagusikoei babes maila oso altua ezarri diegu: medikamentuak etxera eramanez, erosketak, laguntzak eskainiz… Mendaroko Udalak gizarte zerbitzu benetan indartsuak ditu eta laguntzen %100 bermatzen dugu, baita haur zein adin nagusikoei ere. Kudeaketan sakondu behar dugu komunitate izaera horretan, hurkoaren laguntzan, elkar egoteko espazioak sustatuz, elkar babestuz.

Nola definituko zenuke gazteekin duzuen harremana? Zer duzue haiei eskaintzeko?
Gazteak ez dira etorkizuna soilik, gaur egungo gizartearen pieza oso garrantzitsua dira. Eskaintzeko dugu guztia: etxebizitza aukerak, aisia eskaintza, azpiegitura egokiak, lan aukerak… Hori eraikitzen ari gara, baita eurentzako ere. 2022an diagnostikoa egin ostean, Gazte Plana abian jartzera goaz ekainean, eurei zehazki egokitutako Mendarori bidea emateko.

Ekonomiaren eta enpleguaren arloetan zertan sakonduko duzue? Zein izango da zuen proiektu izarra?
Ekonomia alorrean lurzoru industriala handitzeko lanean ari gara legealdi hasieratik. 2.000 metro koadroko zoru industrial gehiago eraiki da ESSER industrialdean, baina gehiago behar dugu. Enpresak mantendu eta berriak erakartzea ezinbestekoa da mendaroarren ongizatea bermatzeko. Kalitatezko enplegua bizi-kalitate hobearen seinale baita.

Bizitzak erdigunen jarri behar direla babestu duzue. Zer ulertzen duzu bizitzak erdigunean jartzearekin? Zein da zure taldeak proposatzen duen eredua?
Egin dugun politika publiko ororen erdigunean mendaroarrak daude. Beti bilatzen dugu euren ongizatea. Beti. Edozein proiektuk du gizarte hobe bat eraikitzeko helburua. Bide horretan jarraituko dugu.

 

2023 05 12 alkategaiak Mendaro arregi ezenarro telleria galdera laburrak BARREN