Mari Jose Telleria: “Erronka potoloak gerorako lagatzen dira Mendaron eta anbizio falta somatzen dut”

Barren.eus 2023ko mai. 12a, 09:03

PSE-EEren zinegotzia izan da Mari Jose Telleria Mendaron (Eibar, 1971) azkeneko lau urteotan eta Gipuzkoako Kultura diputatua ere bada. Bigarrengoz aurkezten da Mendaron PSE-EEtik alkate izateko.

Bigarrengoz aukeratu zaituzte alkatetzarako hautagai izateko. Zerk lotu zaitu oraingoan baietza ematera?
Ez didate eskatu beharrik izan. Oso gustura aritu naiz urte hauetan eta jarraitzeko gogoa daukat.

Zergatik eman beharko genizuke botoa?
Udalak betikoa eta betiko moduan egiten ez jarraitzeko. Erakundeetan eta bizitzan, zenbat eta ikuspegi zabalagoa eta askotarikoagoa izan, hobe. Beste bi alderdiak elkarren kontra ari dira etengabe eta PSE-EEk egoera horri aurre egin nahi dio.

Zeintzuk dira Mendarok dituen hiru gabezia handienak, eta, kontrara, zerk ezaugarritzen du?
Nire ustez, Mendarok ez du bere burua behar beste ezagutzera ematen, erronka potoloak gerorako lagatzen dira eta anbizio falta somatzen dut. Kontrara, duen tamainagatik erraza izan beharko litzateke Udalaren, bestelako eragileen eta herritarren artean proiektuak lantzea eta aurrera eramatea; inguru natural oso ederra ere badauka eta hobeto aprobetxatu ahal diren baliabide garrantzitsuak ere bai eskura; hala nola, hondartza, ospitalea, industria…

‘Euskalgintzan eta kulturgintzan krisian gaude’, zioen Elgoibarren Jon Sarasuak, Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren koordinatzaileak Elgoibarren. Sarasuak zioen ez dauzkagula beste hamar urte despistatuta egoteko. Zer jauzi emateko prest zaudete? Zer beste proposatzen duzue euskalduntasunean sakontzeko eta mendaroarrak komunitate moduan ahalduntzeko?
Oso ondare material zein ez-material garrantzitsua dauka Mendarok eta baliabide garrantzitsua izan daiteke belaunaldien arteko harremanak sustatzeko, bizilagun berriak erakartzeko, enpresa ekimenak sortzeko eta herria indartzeko. Bestetik, dagoena zaintzea ezinbestekoa da: Arno Guraso Elkartea, kirol taldeak, dendak eta tabernak, tailerrak… Palanka bihurtu eta hortik abiatu beharra dago gehiago egiteko, gehiago izateko.

Zer eskaintza dakar zure alderdiak Mendaro herri abegikorragoa egiteko?
Batetik duen ondarea partekatu nahi dugu. Esparru horretan, esaterako, lurralde mailan kultura egitasmo ugari antolatzen dira eta Mendarok ez du sekula parte hartzen. Arkeologiari lotuta ere badago zer eskaini eta etxekoek ere ez dute ezagutzen. Zergatik ez Geoparkearekin harremanak sustatu?
Eta ospitalea ere hor dago. Ehundaka lagunek bisitatzen dute egunero eta batzuek egunak ere pasatu behar izaten dituzte bertan, baina fl uxu hori ez da inoiz kontuan hartu. Orain igogailua ere badagoela, herrian dauden denden, tabernen eta bestelako zerbitzuen berri emateko kartelak jartzea behin baino gehiagotan eskatu dugu eta horrekin batera kanpainaren bat antolatzea ere interesagarria litzateke.
Herrirako sarrera ere gehiago zaindu beharra ikusten dugu. PSE-EEk proposatuta, Aitor Etxeberriaren eskultura jarri zen biribilgunean eta Azpilgoeta aldean dagoen harresia garbitu, argitu eta apainduko genuke. Zubiaren beste aldeko aparkalekua, herriko sarrerakoa, hobeto antolatu behar da plaza txiki bat sortuta; autobuserako aterpea txukuntzea eta hobeto kokatzea ere nahi dugu.

Gizartean, eta bereziki gazteen artean, erakundeen eta alderdi politikoen aurkako sumindura, etsipena eta frustrazioa orokortu egin direla diote azken ikerketek eta alderdietatik kanpo politika egiteko hautua zabaltzen ari dela. Zer gogoeta egiten duzue honen inguruan?
Gero eta indibidualistagoak gara eta ohiko egitura guztiak zalantzan daude. Alderdi politikoak zalantzarik gabe, baina baita familia, eliza, eskola eta auzo elkarteak ere. Alde horretatik eta demokrazian bizitzen jarraitu nahi badugu, ongietorriak izan daitezela politika egiteko modu guztiak, askatasunean eta justizian oinarrituta baldin badaude.

Pandemiak erakutsi du egoera zaurgarrienetan haurrak eta adin nagusikoak direla ahaztuenak, ez direlako parametro produktibistetan txertatzen. Nola bideratuko zenukete haienganako kudeaketa publikoa direnak baino zaurgarriago izan ez daitezen?
Batetik, beharra duten familientzako laguntzak ziurtatzea ezinbestekoa da. Egoera zaurgarrian dauden mendaroarrei laguntzeko hasierako aurrekontu partidetan ezarritakoaz gain, baliabide gehiago egotea defendatu genuen PSE-EEtik eta horrela egin izan da legealdian zehar. Bestetik, kontziliazioaren aldeko politikak indartzea eta zabaltzea ezinbestekoa da haur eta nagusiak nahi eta behar bezala zaindu ahal izateko, zaintzaileak ondo zainduz eta emakumezkoen (gehien bat) ibilbide profesionala urratu barik.

Nola definituko zenuke gazteekin duzuen harremana? Zer duzue haiei eskaintzeko?
Gazteak gure maisu-maistrarik onenak dira; dena dakigula uste dugu helduok eta oso oker gabiltza. Galdetu, entzun, hurbildu, saiatu… Hortik abiatu beharko litzateke Udala beti, eta are gehiago gazteei zuzendutako ekimenak martxan jartzean. Orain dela bi urte PSE-EEk aurrekontuetan eginiko zuzenketa bati esker, gazte plana lantzeari ekin zitzaion, baina laster geratu zen ekimena bertan behera. Lana gazteen ikuspegitik, errealitatearen diagnostikotik, abiatuko genuke guk, eta ondoren, proiektuak, zerbitzuak eta programak elkarrekin lantzen jarraitzeko sistema martxan jarri beharko litzateke. Zergatik ez Gazte Kontseilu bat Mendaron?

Ekonomiaren eta enpleguaren arloetan zertan sakonduko duzue?
Kontrataziorako dirulaguntzak martxan jartzeko partida badago aurrekontuetan, alderdi sozialistak eginiko zuzenketa bati esker, baina oraindik ez dira behin betiko oinarriak onartu, nahiz eta behin baino gehiagotan eskatu dugun batzordetan puntu hori deialdietan jasotzea.
Edozein modutan, guk ahalegin berezia egingo genuke dendari eta bestelako enpresetako elkarteak sustatzen. Kanpainak martxan jartzeko, ekimen berriak bideratzen laguntzeko, diru-laguntza publikoetako tramitazioa azkartzeko… garrantzitsua da taldean aritzea; baina bestelako politika batzuk sustatzeko ere, hala nola euskararen erabilera, berdintasun planak, gazteen emantzipaziorako estrategiak…, foro edota guneak eratu behar dira. Mendaron egingo denaren kalitatea eta kantitatea bermatuko dutelakoan gaude.

Bizitzak erdigunen jarri behar direla babestu duzue. Zer ulertzen duzu bizitzak erdigunean jartzearekin? Zein da zure taldeak proposatzen duen eredua?
Inor atzean ez lagatzean datza bizitzak erdigunean jartzea, berdintasun eta justizia soziala izatean gainontzeko politika guztietako oinarri eta ardatz. Horrekin batera, eta hau ikuspegi pertsonalagoa bada ere, proiektuak eta ekimenak batzeko erabili behar dira, eta ez kontrajartzeko; hau da, edozein dela ideia eta edozeinek aurkeztutakoa dela ere, partekatzeko eta hobetzeko ardura denona dela ulertzea eta sentitzea beharrezkoa da.

 

2023 05 12 alkategaiak Mendaro arregi ezenarro telleria galdera laburrak BARREN