Enpresen Arteko Lasterketan, lehen hamarren artean sailkatu da Gorosabel, gizonezkoen kategorian

Barren.eus 2023ko mai. 14a, 21:12

 Diario Vascok, Donosti Eventosek eta Adegik antolatzen dute Enpresen Arteko Lasterketa. Enpresek lantokiko lau langilerekin osatutako taldeak aurkeztu behar zituzten lasterketara eta laukote horrek 8,5 kilometroko ibilbidea egin behar zuen korrika, dortsalean enpresaren izena zutela. Aurten, hiru kategoria bereiztu dituzte: gizonezkoena, emakumezkoena eta mixtoak, eta kategoria bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuak saritu dituzte. Emakumezkoen kategorian 51 talde lehiatu ziren, 330 mixtoenean eta 223 talde gizonezkoen kategorian.

Elgoibartik eta Mendarotik aurkeztu diren enpresen artean, Gorosabel enpresak lortu du sailkapen onena, gizonezkoen kategorian. Izan ere, zazpigarren sailkatu da Iker Maiora, Jon Larrañaga, Eñaut Errazkin eta Julen Aramendik osatutako taldea, 00:32:34ko denbora eginda; hau da, kilometroa 3 minutu eta 49 segundoan eginda. Txapeldunarengandik, bost minutura helmugaratu dira. Gizonezkoen kategorian, Ausolan, JMA eta CAF Signallingek osatu dute podiuma. Danobatek 32. egin du kategoria honetan.

Emakumezkoetan, berriz, ESI Donostialdeak, DAD Kutxabankek eta Oronak osatu dute podiuma, eta kategoria mixtoan, Salto Systemsek, ESI DEbabarrenak eta Deustuko Unibertsitateak.