Orion bi lagun hil ziren atzo arratsaldean, tiroketa baten ondorioz. Atzo jazotakoa hilketa matxista izan zela baieztatu du gaur goizean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Ikerketen lehen emaitzen arabera, ustezko hiltzaileak, gizonak, kanoiak moztutako eskopeta bat erabili zuen bikotekide ohia hiltzeko. Erkorekak adierazi duenez, hildakoa eta hiltzaileak bikotekide ohiak ziren, eta atzo arratsaldean geldituta zeuden, aurrez hitzordua jarrita. Gizonezkoak arma eraman zuen hitzordura, manipulatutako eskopeta bat, emakumeari aurrez aurre egin zion tiro, eta gero bere buruari.
Orioko Udalak hiru eguneko dolua ezarri du herrian eta atzoko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean. Ildo beretik Euskal Herriko hainbat herritan iragarri dituzte protesta ekitaldiak biharko. Mendaron zein Elgoibarren ere bai. Tratu Onen Aldeko Taldeak antolatu du Mendarokoa. 19:30ean izango da, udaletxearen aurrean. "52 urteko gizonak 47 urteko Lourdes, bere bikotekide ohia, hil du Orion. Gertaera salatzeko asmoz, elkarretaratzeko deia luzatzen dieegu herritarrei, erantzunik gabeko erahilketa gehiago egon ez dadin", adierazi dute.
Era berean, Lilak (Elgoibarko Emakumeen Etxea) antolatu du bihar, hilak 18, Kalegoen plazan egingo duten protesta ekitaldia. 19:30ean izango da.