Mayi Mujika, lehen euskaldunen artean Zegama-Aizkorri maratoian

Barren.eus 2023ko mai. 17a, 17:57

Irudi ikusgarriak laga ditu aurtengo Zegama-Aizkorri mendi maratoiak, parte-hartzaileak baldintza zailetan aritu baitziren, euri-jasen ondorioz lokaztutako ibilbidean.

Euria goian-behean zutela abiatu ziren 538 korrikalariak Zegamako plazatik, eta euria eta hotza izan zuten bidelagun 42 kilometroetan. Eguraldiaren eraginez ibilbidea apur bat aldatu zuten azken orduan, eta mendi lasterkariak ez ziren igaro Aitxuriko gailur-lerrotik. Gurutzetik behera Arbelarrera zuzenean jaitsi ziren. Parte hartzaile batzuk besteak baino hobeto egokitu ziren eguraldi petralera. Ikustekoa da sare sozialetan zabaldu duten bideoan nola irristatzen diren parte hartzaile batzuk lokaztutako aldapan behera. Manuel Merillas (3:42:01) espainiarra eta Daniela Oemus (4:31:54) alemaniarra izan ziren azkarrenak 22. Zegama-Aizkorri mendi maratoian. Zazpigarren parte hartzea zuen lehenak eta Kilian Jornet falta zela probestu zuen garaipen entzutetsua eskuratzeko. Oemusek bere lehen parte hartzean lortu du garaipena.

Gure ordezkariei dagokionez, Mayi Mujika Errastik 17. postua eskuratu zuen emakumezkoetan, eta bosgarrena izan zen euskal herritarren artean, 05:20:25ko denbora eginda. Laura Rodriguez elgoibartarrak ere hartu zuen parte, estreinakoz, baina ezin izan zuen proba bukatu. Gizonezkoetan Angel Quintana Garciak 169. postuan amaitu zuen proba, 05:26:06ko denbora eginda. Beste hiru elgoibartarrek junior mailako lasterketan hartu zuten parte, Eneko Etxanizek, Alex Berguak eta Pablo Egizabalek, hain zuzen ere, hirurak Casa Astigarraga trail taldeko kideak. Gazteok 10,4 kilometroko ibilbidean lehiatu ziren. Etxaniz 19. postuan sailkatu zen, 36. postuan Egizabal eta 58. postuan Bergua.

 • Angel Quintararen bizipenak
Eguraldiak baldintzatu zuen aurtengo Zegama Aizkorri eta lasterkariek barrutik nola bizi izan zuten jakin nahian, bere bizipenez galdetu diogu Angel Quintanari. Berarentzat aspaldiko ametsa zen Zegama-Aizkorrin parte hartzea, baina asko dira amets bera duten mendi lasterkariak, eta zail dago dortsal bat eskuratzea. Aurten ere ez zuen zorterik eduki dortsalen zozketan, eta Ehunmiliak proba prestatzeari ekin zion buru belarri, iaz ere egin zuen proba. Harik eta, Zegama jokatu baino sei aste lehenago Gorka Mir elgoibartarraren dei bat jaso zuen arte. Lasterketako babesleetako bat da Mirren Laserlan enpresa, eta berak parte hartu ezin zuenez berari emango ziola dortsala esan zion, aurrez agindua zion moduan. "Hala, entrenamendu luzeak alde batera laga eta egun batetik bestera hasi nintzen Zegamarako egokiagoak diren entrenamenduak egiten. Oso oso motibatuta. Zegama Zegama baita eta ibilbidean dagoen jendetza horren berotasuna sentitu nahi nuelako nire larruan, zaleek egiten baitute berezia proba hau eta barrutik bizitzeko gogo ikaragarria nuen", azaldu du.
Eguna gerturatu ahala eguraldi iragarpenari begirik kendu gabe ibiltzen dira mendi lasterkariak eta Quintanak bazekien zer topatuko zuten domekan, lasterketa egunean. Bere estreinako parte hartzea eguraldiak baldintzatu zuen, hasi eta buka. "Izaeraz oso baikorra banaiz ere, oraindik gorputza ondo berotu gabe dagoela, euritan hastea ez da inoren gustoko platera. Aurten, baina, ...halaxe tokatu zitzaigun. Halakoxea da eguraldia Euskal Herrian". Zegaman eta lehen kilometroetan ez zuela hotzik igarri dio, eta lokatza ere Otzaurte arte, 7. kilometrora arte, ez zela oztopo izan. "Otsaurtian konturatu nintzen, baina, zetorkigunaz. Parte hartzaileak mendian behera ipurdiz irristatzen ikusi nituenean, sareetan oiartzun zabala izan duen bideo biral horretako irudietan moduan, orduan konturatu nintzen lokaztutako ibilbideak lanak emango zizkigula. Parte hartzaileak era horretan irristatzen ikustea arriskutsua iruditu zitzaidan dibertigarria baino gehiago, harriren edo sstrairen batekin min hartzeko aukera handia baita, eta kolpe handia hartuz gero lasterketatik kanpo gera zintezke". Lokatzik gehien Aratz inguruan topatu zutela azaldu du eta lasterketako unerik txarrena, Aratzeko azken maldetan sufritu zuela aitortu du. "Haize handia eta oso hotza topatu genuen Aratzen eta txingirra ere egin zigun. Aurpegia eta gorputzaren erdia izoztuta nuela heldu nintzen goraino. Eguraldi hobeagoaren bila garaiera galtzea, horixe zen han goian nahi nuen bakarra". San Adrianetik pasa eta Sancti Spiritura iristean, eguraldi makurra egin arren, zale dezente aurkitu zituen. "Zati hori oinez igotzeko asmoa nuen, baina hango giroarekin ezinezkoa da, korrika egitera bultatzen zaiztute zaleen animoek eta korrika igo nintzen jende artetik. Era horretako beroaldiek edo gehiegizko esfortzuek nekea dakartela esaten dute, baina nik, zorionez, ez nuen txakalaldirik nabaritu".
Aizkorri puntan ikusle gutxi aurkitu zituen bera pasa zenerako, "meritu handia dute han zeuden apurrek, zegoen eguraldirako. Kresterioa egin beharrik ez izan arren, haren ordez jarri zuten jaitsiera, txaboletara artekoa, goitik joatea baino ariskutsuagoa iruditu zitzaion, "dena bustia eta labainkor zegoelako, eta haize handia egiten zuelako". Urbian ur asko zekarten errekak pasa zituzten eta Andraitzera ailegatu zenean ez zuen ikuslerik topatu. "Normala" dio. Handik hamabi kilometro gelditzen dira helmugara arte. Lehen zatia jaitsiera nahko teknikoa dela dio, lokatz, sustrai eta hosto ugari dituena bidean. "Kontuz ibili beharrekoa". Azken jaitsiera guztia pozez gainezka egin zuela azaldu du. "Aratz eta Aizkorrin gorriak ikusi eta gero, horrelako edizio epikoa bukatzeko gai izango nintzela konturatu bainintzen, eta helmugara iritsi ahala emozionatzen hasi nintzen, eta ze esanik ez Zegaman sartzean. Zirraragarria izan zen jende pasillo hartatik igarotzea, emozioaren mozioaz inor ezagutzeko gai izan ez banintzen ere. Azken metroak oinez egin nituen, momentua bete-betean gozatzeko".
Oso pozik dago bukatzeko gai izan zelako eta egin zuen denborarekin ere bai. "Betirako gogoan gordeko dudan lasterketa izango da".


 • Kilometro bertikala
Era berean, barikuan, Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikala jokatu zuten eta Ainhoa Lendinezek 15. postua lortu zuen mendi lasterketen modalitate honetako Euskal Herriko eta munduko lasterkari onenek parte hartzen duten proban. Emakumezkoen proban azkarrena izan zen Naiara Irigoyen nafarrak baino 12 minutu eta bost segundo gehiago behar izan zituen igoera osatzeko. Gizonezkoetan Jose Antonio Bellido gailendu zen kilometro bertikalean, 33 minutu eta 10 segundoko denborarekin. Casa Astigarraga taldeko Iñaki Goenagak ere hartu zuen parte eta 29. postuan sailkatu zen plaentxiarra. Gainera, Goenagak maratoian ere hartu zuen parte gero domekan.

2023 05 14 zegama aizkorri mayi mujika Aratz gainean arg Jokin lardizabal

2023 05 17 angel quintana zegama aizkorri euipan

2023 05 14 zegama aizkorri maratoia angel quintana helmugan

2023 05 12 Lendinez Zegama Aizkorri KM bertikala

2023 05 12 Zegama Aizkorri Goenaga KM Bertikala casa astigarraga