Gogorarazi dute 2009ko urrian atera zutela lehiaketara egoitza berriaren proiektua, "2009ko martxoan onartu zuen Elgoibarko Udalbatzak Elizbarrutiak El Pilar ikastetxea izan zenaren dohaintza. Dohaintza horren bidez, Elgoibarko parrokiak Elizbarrutiarekin eta ikasleen gurasoen elkartearekin zuen 72.000 euroko zorra ordaintzen zuten". Era gaineratu dute Alfredo Etxeberria orduko alkateak agindu zuela 2014. urtean gauzatuko zela obra. 2013ko irailean esleitu zioten gero eraikina eraisteko lana Murgil Eraikuntza enpresari. Obrak egiteko 157.188 euroko aurrekontua zuen eta bi hilabeteko epea.
Eta geroztik, proiektu hori "progapaganda egiteko" erabili dela uste dute Duintasuna-Gaurgeroan. Horren harira gogorarazi dute Etxean Bizi proiektua ere sortu zutela agintariek, "itxura ona zuena", baina inork ez dakiela zertan gelditu zen. "Ziur aski, dirua gastatu arte iraun zuen, baina non daude emaitzak? Zer gertatu zen, betikoei ez zitzaiela negoziorik gelditzen?", jaso dute.
Herritarrek zein eredu mota nahi luketen erabakitzeko eskubidea dutela nabarmendu dute eta ukatu egin zaiela salatu. 14 urtean horretarako denbora egon dela diote. "Orain, ziurrenik, egoitzaren obra egingo da. Pandemian zehar egoitzak txikiak izan behar zirela esaten zen, hobeto kudeatzen zirelako, eta orain, makro-egoitza proiektu batekin datoz, makro, munduko handiena, baina agerian geratzen da egia, dirua non geratzen den aztertzean", adierazi duten horren harira. Eta gehitu dute: Aldundiak egoitza baten kudeaketa enpresa lagun bati ematen badio (3.000 euro egoiliar bakoitzeko), zer gertatzen da enpresaburuari kontuak ateratzen ez bazaizkio? Argi dago nondik hasiko diren murrizketak: langile kopurua, soldata txarragoak, berogailu gutxiago, janari eskasagoa... Horien adibide ona da langileen greba luzea, non, besteak beste, egoiliar bakoitzarekin egoteko denbora gehiago eskatzen zuten".
Zahar etxea lurzoru publikoan eta zerbitzu publiko bat emateko eraikiko dutela diote, baina "negozioa" enpresa pribatu batek egingo duela ohartarazi dute. "Lehenik eta behin, behar dugun egoitza ereduari buruzko eztabaida behar dugu. Uste dugu kudeaketa publikokoa izan behar duela. Negozioa egiten dugunok adinekoak izan behar dugu egoiliarren mesedetan, eta langileek lan duina izan behar dute, ez bakarrik haien alde, baita egoiliarrenganako zerbitzuaren kalitatean ere".