Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradua ikasi du Ariana Nogalesek (Elgoibar, 1994), Aholkularitza eta Kontsultoretza juridiko-laboralean masterra du eta giza baliabideetako teknikari gisa lan egiten du.
Alkategai izateko proposatu zaitu alderdiak. Zerk bultzatu zaitu baietza ematera?
2020ko urritik, Elgoibarko Udalean PSE-EEko zinegotzi izateko Fernando Suarezen ordezko sartu nintzenetik, elgoibartarren bizitza hobetzeko lan egiten saiatzen ari naiz. Horregatik, alderdiak Elgoibarko PSE-EEk alkatetatzarako hautagai izateko proposatu ninduenean, oso harro sentitu nintzen, eta oso esker oneko hartu dut ardura handi hori neure gain.
Zergatik eman beharko genizuke botoa?
Sozialista elgoibartarrak funtsezkoak izan gara lau urteotan herritarrentzat hain beharrezkoa izan den udal-egonkortasuna lortzeko. Covid19aren krisiaren ondorioz, urte hauek oso zailak izan dira guztiontzat eta aparteko neurri batzuk hartu behar izan ditugu. Gainera, Ukrainako gerraren ondorioz, lehengaien prezioek hainbeste egin dute gora, ezen Udalak lehentasunak jarri behar izan dituen.
Zure alderdiak duela lau urte hainbat proiektu aurkeztu zituen legegintzaldi honetan egitekoak zirenak. Proiektu horien errepasoa eginda, zein
mailatan bete direla esango zenuke?
Badakigu koalizio-gobernu batean parte hartzen hastean bi alderdiok jarri behar izan ditugula marra gorri batzuk, baina beste zenbait marra arindu behar izan ditugu, adostasunera iristeko, nagusiki, Elgoibarrentzako onura lortzeko eta, gainera, gobernuko bi kideentzat gogobetegarria izateko. Uste dugu urtero udal aurrekontuetan ekarpen ugari eta onak sartu ditugula, besteak beste, King Kong-en zubi berriaren proiektua, hiri-autobusaren zerbitzua jartzea, irisgarritasuna hobetzeko igogailu berriak martxan jartzea, etab.
Zeintzuk dira Elgoibarrek dituen hiru gabezia handienak, eta, kontrara, zein indargune ditu?
Gure ustez, Elgoibarren honako hauek dira arazo nagusiak: osasuna, gazteek etxebizitzak eskuragarri ez izatea eta enplegu-aukeren sorrera. Indargune gisa aipatuko nuke Elgoibar udalerri irisgarri bilakatzen ari dela herritarrentzat, hirimantentzea sendotzearen aldeko apustua egiten ari dela, bai eta kulturaren aldeko apustua ere.
Zein dira datorren legealdirako dituzuen hiru proiektu garrantzitsuenak?
Gehiago dira hurrengo legealdian landuko ditugun proiektuak, baina hiru aipatu behar baditut: gogor lan egingo dugu anbulatorio berria, adinekoen etorkizuneko egoitza eta King Kongen zubi berria errealitate bilakatzeko 2027a baino lehen.
‘Euskalgintzan eta kulturgintzan krisian gaude’, zioen Jon Sarasua Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren koordinatzaileak. Zioen ez dauzkagula beste hamar urte despistatuta egoteko. Zer jauzi emateko prest zaudete euskalduntasunean sakontzeko eta elgoibartarrak komunitate moduan ahalduntzeko? Zer, herri-kohesioa indartzeko?
Askok aurreiritziak dituzte eta uste dute PSEEEk ez duela apustu argia egiten erakundeetan euskara sustatzeko, baina ez da egia. LasarteOrian, esaterako, PSE-EEk gobernatzen du, eta erreferente bat da arlo horretan Euskadi osoan. Euskaraldiaren hazia, Ahobiziren eta Belarripresten irudiak, Udaltop jardunaldiak… Ekimen horiek sozialistek gobernatzen duten udalerri batean sortu dira. Eta hori da Elgoibarren erreferentetzat hartu behar duguna.
Zer eskaintza dakar zure alderdiak Elgoibar herri abegikorragoa egiteko?
Elgoibarko sozialistok beti egin dugu guztiontzako udalerri inklusiboagoa sortzearen aldeko apustua; horregatik tematu gara hainbeste legealdi honetan irisgarritasunean. Hiri-autobusaren zerbitzua ezartzea lortu genuen, EAJk kendu nahi zuenean; igogailuak eraikitzearen aldeko apustua egin genuen; King Kongen zubia irisgarria izateko proiektua idazteko eskatu genuen; desgaitasuna duten pertsonetara egokitzen diren haur-jolasak eskatu genituen… Eta, legealdi honetan, halako neurri gehiagoren aldeko apustua egiten jarraituko dugu, besteak beste: zebrabide irisgarriak eta egokituak, eraikin publikoetan piktogramak jartzea, irisgarritasun unibertsala zailduko ez duen hiri-mantentzea eta -altzariak.
Gizartean, eta bereziki gazteen artean, erakundeen eta alderdi politikoen aurkako sumindura, etsipena eta frustrazioa orokortu egin dira eta alderdietatik kanpo politika egiteko hautua zabaltzen ari da. Zuen posiziotik zer gogoeta egiten duzue honen inguruan?
Erabat ulerkorra da gazteak politikatik urrunduta sentitzea eta, alderantziz, GKEetan, elkarteetan edo bestelako entitateetan parte hartzetik hurbilago. Alderdi politikook onartu behar dugu urruntze hori eragin dugula, eta gaur egun ezin dugula pentsatu gazteak hurbilduko direnik gugana; alderdiotan gaudenok joan behar dugu haiengana, bai eta erakunde publikoetan ari garenok ere, aurrez aurre ezagutzeko zer eskari eta behar dituzten.
Elgoibarko PSE-EEren iritziz, udal-politikak prestatzeko orduan politika horien hartzaileak izan behar ditugu kontuan. Eta, gazteen kasuan, parte hartzeko programen bidez lortu beharko dugu; programa horietan haiek proposatu beharko dituzte ekimenak, proposamenak edo proiektuak, partaide sentitzeko.
Egoera zaurgarrienetan haurrak eta adin nagusikoak dira ahaztuenak, ez direlako parametro produktibistetan txertatzen. Zer duzue eskuartean direnak baino zaurgarriago izan ez daitezen?
Sozialiston ustez, adinekoak babestu beharreko kolektibo garrantzitsua dira; izan ere, haiek atera dute Elgoibar aurrera, eta, orain, erakundeek haiek ez ahaztea merezi dute. Adinekoen egoitza berria ahalik eta lasterren bilakatu behar dugu errealitate, gure adinekoak Elgoibarren geratu ahal izateko eta inguruko beste egoitza batzuetara plaza bila joan behar ez izateko. Udal-mailako politika sozialen aldeko apustua egin behar dugu eta, horretarako, etxeko laguntzen eskari guztiak beteko dituzten partida ekonomikoak sustatu behar ditugu; izan ere, adineko askok haien etxeetan geratu nahi dute. Edo eguneko zentroa, okupatuta egon ahal izateko.
Nola definituko zenuke gazteekin duzuen harremana? Zer duzue haiei eskaintzeko?
Lehen aldia da PSE-EEk emakumezko alkategai hain gaztea duela, eta, ondorioz, zuzenean jakin dezaket gazte elgoibartarrok zer behar izan ditzakegun. Nagusiki nahi dut gazteak Eibarrera, Ermura edo Donostiara ez joatea etorkizun hobea eduki ahal izateko. Gure gazteentzako etxebizitza eskuragarriak lortzeak lehentasunezkoa izan behar du; hori dela eta, nire asmoa da Elgoibar tentsio handiko eremu aitortzea, Etxebizitza Lege berriari esker, alokairuen prezioak kontrolatu ahal izateko. Gure gazteei alokairuak dauzkaten diru-sarreren arabera ordaintzen lagunduko dien dirulaguntza lerro baten aldeko apustu irmoa egingo dut eta bultzatu Jaurlaritzarekin alokairu sozialeko etxebizitzen eraikuntza negoziatzea. Baina gure udalerrian enpresa berriak finka daitezen ere egingo dut lan, gazteentzako enplegu-aukera gehiago sortzeko, eta, horretarako, sorrera suspertuko duten zerga-neurriak hartuko ditugu, negozio berriak irekitzeko dirulaguntzak eman eta herriko gazte ekintzaileei dirulaguntzak eman.
Ekonomiaren eta enpleguaren arloetan zertan sakonduko duzue? Zein izango da zuen proiektu izarra?
Ezin gara konformistak izan eta pentsatu Debegesa Eskualdeko Garapen Agentzia izango dela gure udalerrian dugun enpleguproblematikari irtenbidea emateko arduradun bakarra. Lehen esan dudanez, Udalak ere bere eskumenekoak diren neurriak hartu behar ditu, enplegu-aukera handiagoak lortzeko. Aurreko galderan aipatutako neurriez gainera, tokiko saltokietarako laguntza-lerroak ere sortu beharko lirateke, ez soilik establezimendu berriak sortzeko, baita gaur egun daudenek ez ixteko ere. Gure merkatarien prestakuntzaren aldeko apustua egin eta saltokietan lehiakorrak izateko egin behar dituzten inbertsioetan laguntzearen aldekoak, Elgoibarren Amazonekin Aliexpressekin, Sheinekin eta abarrekin lehian jardun dezakeen online merkataritza sortzearen aldekoak… gara.
Bizitzak erdigunean jarri behar direla babestu duzue. Zer ulertzen duzu bizitzak erdigunean jartzearekin?
PSE-EEkook uste dugu alde batera utzi behar ditugula eztabaida identitarioak, ez baikaramatzate inora, eta lehentasuna Elgoibarko herritarrek izan behar dutela. Haien guztien bizi-kalitatea hobetzeak izan behar du udal-hauteskundeen ondoren eratuko den udalbatza berrian ordezkaritza dugun alderdi politiko guztien ahaleginaren erdigune. Horrek izan behar du udal-politika guztien erdigune.
ELKARRIZKETA osorik BARREN astekariko 1286. zenbakian -PDF-