Ohikoa ez den zeregin baterako erabiltzen baitute furgoneta, kasu honetan ere premia duten herritarrei laguntzeko bada ere. Arrainez beteriko kaxak sartzen dituzte furgonetan, premian dauden elgoibartarren artean banatzeko. Fruta denda, harategi eta antzerako negozioetako soberakinak ere jasotzen dituzte Gurutze Gorrikoek, eta aipatu moduan azken bi urteetan zapatuero egiten dute geldialdia La Bermeana arraindegiko atarian. Arraindegikoak pandemian hasi ziren soberan zuten arraina ematen. "Gurutze Gorriko Soniarekin berba egin nuen eta berak ireki zizkidan begiak. Ez nuen uste Elgoibarren janari premian horrenbeste familia dagoenik. Halaxe hasi ginen premia ekonomikoan dauden herritarrei laguntzen, Gurutze Gorrikoekin elkarlanean, eta gure esku dagoena egiten, arraina ematen. Bost edo sei familiek jan ahal izateko adina arrain ematen diegu astero, eta batzuetan zertxobait gehiago ere bai, era guztietako arrainak: txitxarroak, legatza batzuetan, muskuiluak, txirlak... denetarik pixka bat", azaldu du arraindegiko Alberto Perezek.