Naiara Martin izendatu dute Kukulaisi euskaltzaleen topagunea federazioko lehendakari

Barren.eus 2023ko mai. 19a, 15:15

Elgoibarren egin zuten, 2021eko urrian, Kukulaisi euskaltzaleen topagunea eratzeko ekitaldia, eta elgoibartar bat izango da orain euskarazko aisialdia artikulatu eta garatzeko sortu zuten federazioko lehendakaria.

Kukulaisik hamalau euskara elkarterekin hasi zuen bere ibilbidea, 2021eko urrian Elgoibarren, eta hamazortzi elkartek osatzen dute egun federazioa, tartean Elgoibarko Izarrak. Euskaltzaleen Topagunean biltzen diren eta aisialdia lantzen duten euskara elkarteek egindako hausnarketaren emaitza izan zen Kukulaisiren sorrera, tokian-tokian euskarazko aisialdia lantzen duten egitasmoak artikulatu eta garatzeko. Federazioaren sorreran euskara elkarteen mugimenduko elkarte eta eragileak batu baziren ere, euskarazko aisialdia garatzen dituzten bestelako elkarteei ere zabalik dago.

Federazioko kideek urteko batzarra egin dute gaur, Ermuan dagoen Izarra Centre-n. Batzarrean, 2022. urteari dagokion balorazioa eta balantzea egitearekin batera, 2023rako dituzten egitasmoak eta aurrekontua aztertu eta onartu ere egin dituzte. Horiez gain, lehendakaria ere hautatu dute: Naiara Martin, Atxutxiamaikako arduraduna. "Kukulaisik lehendakaritza partekatuaren alde egiten du, eta elkarte desberdinetako kideek osatutako lehendakaritza talde batek gidatuko du federazioa, baina ni izango naiz lehendakari ofiziala, legeari dagokionez eta kanpora begira", azaldu du Martinek. June Alegria Bakeriza ordezkatuko du.

2023 05 19 kukulaisi batzarra izarra centre

∞Lotura duten albisteak: