Euskadiko Txirrindularitza Txapelketa irabazi du Eneko Ortegak

Barren.eus 2023ko mai. 21a, 14:07

Euskadiko txapelduna da Eneko Ortega Larrañaga txirrindulari elgoibartarra. Beste lau txirrindularirekin batera jokatu duen esprinean nagusitu da gaur, domeka, Ortega, Amurrioko Sari Nagusian. 

 Gaur jokatu dute Amurrioko Sari Nagusia, junior mailako Euskadiko Txapelketa ere izan dena. 22 kilometroko zirkuito bati bost itzuli eman dizkiote txirrindulariek, guztira 111 kilometroko ibilbidea osatzeko. Itzuli bakoitzean bi mendate igo dituzte: Zaroabe eta Lezamakoa, eta 155 txirrindularik parte hartu dute. Eta Elgoibarko Lagun Taldeko Eneko Ortega (Besa-Laboral Kutxa) izan da denetan azkarrena. Esprinean erabaki da lasterketa. 2:55:16ko denbora egin du Ortegak, eta denbora bera markatu dute sailkapeneko hurrengo laurek: Gari Ugarte Larreak (Bellota-Goierri), Jon Conejero Laconchak (Grupo Eleyco-Iturribero), Aimar Alarcia Quintanok (Iruki Donostialdea) eta Ander Irazabal Pikatzak (Egurrola-Urdabai). 

 
Euskadiko Txirrindularitza Txapelketaren baitan lau lasterketa jokatuko dituzte. Emakumezkoak Larrinben lehiatu ziren atzo, eta kadeteak, Seguran, eta datorren zapatuan, afizionatuen txapelketa jokatuko da Beasainen, Loinaz Proban. Berritua dator aurten Loinaz Probako ibilbidea. Bi aldiz Beasain-Atagoiti-Brinkola-Atagoiti-Olaberria-Beasain zirkuitua osatuko dute txirrindulariek eta horren ostean Mandubiako -Garinetik- eta Olaberriako mendateak gaindituko beharko dituzte txirrindulariek. Guztira 131 kilometro izango ditu ibilbideak eta zortzi mendate.
 
2023 05 21 Euskadiko txapeldun Eneko Ortega
2023 05 21 Eneko Ortega Aritz Esnaola