Alsace Grand Est traila irabazi eta Mont Blanceko Ultra Trailerako dortsala lortu du Maite Maiorak

Barren.eus 2023ko mai. 21a, 20:24

UTMB zirkuitoko ehun miliako lasterketa batean lehen hiru postuetan sailkatzen direnek zuzenean eskuratzen dute UTMBrako txartela, eta zapatuan Trail Alsace Grant Est by UTMB lasterketa irabazita, irailean irteera puntuan izango da mendaroarra.

Hogei ordu, hogei minutu eta 35 segundoko denbora behar izan zuen Maiorak 175 kilometroko ibilbidea osatzeko eta hiru orduko tartea atera zion bigarren sailkatuari, Marie Helene Postari (23:20:52). Gaur, lasterketaren biharamunean, "oso-oso pozik" dagoela aitortu dio BARRENi. Barikuan abiatu ziren korrikalariak, iluntzeko zortziretan, eta atzo arratsaldeko laurak pasatxoan helmugaratu zen Maiora, bere lasterketa eginda. Aitortu du hasieratik sentitu zela ondo, eta beharbada behar baino azkarrago abiatu zela baina sasoiko sentitzen zela eta erabaki zuela ez ibiltzea beste askotan bezala indarrak gerorako gordetzen. "Batzuetan gorde eta gorde aritzen zara, eta bukaeran, beti bezain lehertuta amaitzen duzu. Horregatik erabaki nuen ahal nuen bitartean gozatzea eta sentsazioei jaramon egitea. Mari Helene, atzetik zetorkidana, urruti ikusten nuen eta poliki-poliki tartea handitzen nindoala ikusita, gustura egin nuen korrika. 

"Ez nuen estutu beharrik izan, ezta mantsotu beharrik ere"
Ibilbideaz gozatzeko aukera ere izan zuen Maiorak lasterketa ari zela. Turckheim, Kaysersberg eta Ribeauville herri tipikoetatik igaro ziren korrikalariak, baita Hohlandsbourg, Schlossberg, Haut-Koenisbourg edo Ortenbourg gaztelu ospetsuetatik ere: "Izugarri polita iruditu zitzaidan ibilbidea, ohiko mendi lasterketa baten oso bestelakoa. Ibilbidean zehar hainbat gaztelu eta dorretxetatik pasatu ginen. Barrura sartu, gazteluan goraino igo, jaitsi, eta kanpora berriro. Ibilbidean zehar pasatu genituen herriak ere oso dotoreak iruditu zitzaizkidan, Erdi Aroko ukitu horrekin. Gauez argi guztiak itzalita zeuden kalean eta benetan magikoa izan zen dena". Eguraldia ere alde izan zuela nabarmendu du mendaroarrak. 
 
Maioraren atzetik, Marie Helene Posta eta Jenny Josefsson helmugaratu ziren eta hirurek osatu zuten emakumezkoen podiuma. Gizonezkoen podiumera, berriz, Fabrice Fauser, Markus Meink eta Jeremy Goguet igo ziren.