Eztabaida publikoa izango da, eta herritarrek aukera izango dute bertara joan eta zuzenean jarraitzeko. 18:30ean izango da Inazio Bereziartua Dantza eta Musika eskolako auditoriumean. BARRENek jarraipena egingo du.
Joan zen astean, EAJren Elgoibarko alkategai Maialen Gurrutxagak udal hauteskundeetarako alkategai guztien arteko eztabaida publikoa egitea proposatu zuen, prentsa ohar baten bidez. Oharrean zioen "elgoibartarrekin gardentasun eta begirune ariketa bat" izango litzatekeela eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei beren proposamena baloratzeko eta iritzia emateko eskatu zien. EAJren proposamenez egingo da, beraz, biharko mahai-ingurua eta baietza eman badute ere, mahai-ingurua antolatzeko formekin ez daude gustura ez EH Bildu eta ezta Ahal Dugu-Podemos ere. Hala ere, Aitziber Aranberrik (EH Bildu) eta Evaristo Rodriguezek (Ahal Dugu-Podemos) baieztatu dute beren parte-hartzea eta baita Ariana Nogales PSE-EEko alkategaiak ere. PPko alkategaia ez da bihar musika eskolako eztabaidan izango.