Maalako 140 urteko iturria, berriro erabilgarri

Barren.eus 2023ko mai. 29a, 16:15

1883. urtea baino lehenagotik dago herri-iturria Maalan, baina azken hilabeteetan ezin izan da bertatik ura edan.

Izan ere, Iriondoneko tabernaren horma baten kontra zegoen isurki bakarreko herri-iturri hori bere lekutik kendu zuten eraikina bota eta etxe berriak egiteko lanak hasi zituztenean. Agindu zuten moduan, lanak ia bukatuta zituztenean ipini zuten iturria bueltan bere lekuan, garbitu eta berritu ostean. Halere, joan den astera arte ezin zen iturritik ura edan, obren hesitura barruan zegoelako oraindik. Libratu dute, baina, eta iada edan daiteke ura iturritik, makina bat urtean hainbat eta hainbat elgoibartarrek eta bisitarik egin duten eran.

Elgoibarko hiri-kaskoan, 1883. urte hasierara arte bi iturri egon zirela dute jasota 'Elgoibar: Iragana eta oraina' liburuan, eta horietako bat zen garai hartan herriko errebalean zegoen Maalakoa. 2008an kaleratu zuten liburuan, Elgoibarraren iragana eta herriko eraikinik esanguratsuenen bilakaera aztertzen dute Pello Arrieta Soraiz historialariak eta Yulen Zabaleta Barrenetxea marrazkilariak. Arrietak honela azaltzen ditu Maalako iturriaren ezaugarriak: "Iturria kareharlanduzko erretaula edo portada txiki bat bezala dago antolatuta, eta arte-ezaugarri neoklasikoak ditu. Frontoitxo klasiko batek ematen dio bukaera erretaulatxoari eta honen tinpanoan 1883ko data ageri da".

2023 05 29 iturria iriondo yulen zabaleta Elgoibar iragana oraina liburutik maala sanfrantzisko iturria
Aipatu moduan, baina, lehenagotik ere bazen ura edateko tokia edo herri-iturria Maalan. "Badirudi, hiri-kaskoan bi iturri egon zirela 1883ko hasiera arte: San Frantzizko plazatxoan bata eta Maalan bestea. Atzera joz gero, gogorarazi behar dugu iraganean, kale (Ermuaran; San Bartolome eta Feria eta Errosarioa) eta plaza bietatik (Kalegoen, Foruen Plaza eta Kalebarren) erreten bana zihoala biztanleek urez hornitu ez ezik, hustubidea ere izateko. Ibaiak eta errekak ere betekizun hori eskaintzen zuten", irakur daiteke liburuan.
1883koa urte esanguratsua da Elgoibarren iturriei dagokioenean. Kalegoen Plazan dagoen iturria ere urte horretan erabaki baitzuten gaur egun dagoen lekuan jartzea. Liburuan ageri denez, Udalak plaza nagusiaren arkuen erdialdean iturri berri bat jartzea erabaki zuen 1883an, herritar batzuen eskaerei kaso eginez. "Izan ere, San Frantzisko iturrian hodi berria jarri behar zutenez, une egokitzat jo zuten Kalegoeneraino uraren hodia luzatzeko eta Santa Anako Ermuarango (San Bartolome) eta Feriako (Errosario) biztanle batzuentzat ura eskuratzea erosoagoa izan zedin. Bestela, kale horietako bizilagunek San Frantsizko plazatxoraino joan behar baitzuten ur bila". Udalak teknikari baten eskuetan jarri zuen lan hura, txostena, planoa eta aurrekontua egin zitzan. Hala ere, ziurrenez, ez zen iturria eraiki une hartan. Izan ere, handik 18 urtera, zazpi iturri berri egiteko eskaria egin zuten zenbait herritarrek, eta zazpi horien artean Foruen plazakoa ere bazegoen. Udalak bost iturri berri eraikitzea erabaki zuen gero 1901. urtean: Santa Anan, Foruen plazan, San Inazion, San Bartolome eta Errosario kaleen arteko kalexkan eta San Frantziskon.

Iturri zaharragoak ere aipatzen dituzte liburuan. Altzolakoa, Txoriko etxea egon zen hormaren kontra zegoena, 1643an egin zuten. Era berean, metal-ur iturburu batzuk omen zeuden garai batean Elgoibarko jurisdikzioan. "Rubio medikuak honako hauek aipatu zituen 1953an: Mendaro Plazako errotan, Apraizen, Altzolabean, Kaskanten, Artetxen, Andikanon, Erreizagan eta Goenagan". Sallobente-Ermuarango Arostegi baserriko iturri ikusgarria ere aspaldikoa da, hainbat urtean herriko alkate izan zen Frantsizko Arostegi herriko ahaltsuak 1847an eraiki arazi baitzuen.

2023 05 29 iturria iriondo 1883 maala BARREN

2023 05 29 iturria iriondo 1883 maala BARREN b1

Maalako herri-iturria Iriondoneko etaikina zutik zegoenean, 2021ean ateratako argazkietan:

2023 05 29 2021 01 14 iturria iriondo 1883 elgoibar

2023 05 29 2021 01 15 iturria maala elgoibar iriondo 1883