N-634 errepideko biribilgunetik Mendaroko Txokolateen eraikinera doan tartean berrituko dute aldaparen zorua. Obra Egurki Eraikuntzak S.L. eraikuntza enpresari esleitu diote, 228.919,40 euroan.
Obra gauzatu ostean, goranzko norazkoan bakarrik joan ahal izango da biribilgunetik Azpilgoetara, eta espaloi bat sortuko dute bidearen eskuinaldean, irisgarriagoa izan dadin eta oinezkoek erabil dezaten. Bide batez, uren kanalizazioa eta argiztapena ere berrituko dituzte, eta LED teknologiako argiak ipiniko dituzte. Gainera, baranda bat ipiniko dute gaur egun dagoen harrizko hormaren lekuan, eta eserlekuak eta paperontziak ere bai..
Lanen inguruko xehetasunak eman dituzte Udaletik: "Alde batetik, ibilgailuentzako bidearen ardatz berria dago, geometriari, proiektu-abiadurari eta abarri dagokienez hobetu nahi dena. Bestetik, Azpilgoeta kalea hiri-integratu nahi da, ibilgailuentzako galtzada eta oinezkoentzako espaloia hobetuz. Ibilgailuen zirkulazioa ahalbidetuko duen bide-zabalerari eusteko ahalegina egin da, baina espaloiaren zabalera ez da inoiz bi metrotik beherako balioan mugatzen, urbanizatu beharreko eremu osoan irisgarritasun-parametroak betez".