Trinitate festak hemen dira

Barren.eus 2023ko eka. 2a, 09:10

Asteburuan ekintza ugari izango dira Elgoibarko kale eta plazetan eta Mendaroko Trinitate ermitaren inguruan. Orriotan jaso ditugu trinitate jaietarako antolatu dituzten ekintza aipagarri batzuk.

 • Elgoibarko Baserrietako Sagardo Lehiaketa
Zazpiki elkarteak antolatuta, Elgoibarko baserrietako sagardo lehiaketa egingo dute aurten ere zapatuan. Elgoibarko baserri askotan egiten dute sagardoa, eta ekimen honi esker, sagardo hori ezagutzera emateko aukera izaten dute baserritarrek. Aurten baserri hauek jarriko dute beren Sagardoa herritarren eskura: Armazio, Upaiegitxiki, Antsolabazterra, Amuskategi, Zuluetabekoa, Olazarraga, Azkue, Urretegi eta Marigorta. Sagardoa desberdina izan ohi da baserri batetik bestera, besteak beste sagar motak eta nahastea desberdinak izaten direlako eta kupelak eta fermentazioak ere badutelako zerikusirik.

Aita Agirren sagardoa probatuko duten herritarrek, bi euroan erosiko dute edalontzia eta nahi beste sagardo edateko aukera izango dute. Txartel bana izango dute sagardoei puntuazioa emateko, eta puntu gehien batzen dituenak irabaziko du lehiaketa. Irabazleak aginte makila jasoko du aurreko urteetako irabazleen zerrendara zinta bat gehiago batuta aurtengo baserri irabazlearen izenarekin. Baserrian gordeko du hurrengo urtekoari erreleboan emateko.

2023 06 02 trinitateak azoka 2022 aita agirre BARREN

 • Trinitateetako azoka berezia
Debemen elkarteak Udalaren eta Elgoibarko landa auzoetako bizilagunen laguntzarekin azoka berezia prestatu du zapaturako. 9:30etik 14:00etara Elgoibarko baserrietako produktuak salgai egongo dira Lekuederren eta 17:00etara bitartean luzatuko dute Aita Agirreko ganadu erakusketa. Garaiko produktuak Lizundiatxabola, Basartesoroeta, Madarizurieta, Mintxeta, Zortziko eta Lizagasagarretik eramango dituzte.
Ganadu erakusketan Elgoibarren hazitako 80 bat buru izango dira: Pirenaika arrazako behiak Aiastitxiki, Berdezkunde, Garate eta Zuluetabekoak eta Orubeko Limusinak, Enkarterrialdeko astoak (Iriartetxeberria), zaldi arabiarra eta española (Juaristi), Euskal Herriko mendiko zaldiak (Artesoro), behorrak (Belaustegi), poniak (Irunagasoro), pottokak (Soroeta), moxalak (Armaitegieta-Erdikoa), sasi ardiak (Irunagasoro), ardi mutur gorriak (Mintxeta), ahari eta ardi latxak (Madari-zurieta), ahuntz azpi gorriak (Irunagasoro) eta ahuntz mestizoak (Urruzuno). Bestalde, kalitatezko produktuak dastatzeko aukera ere izango da azokan, Lumagorri oilaskoa eta Basatxerri txerrien saiheskia eta hirugiharra.

 • Nagusien danborrada
Atabal elkarteak antolatzen du nagusien danborrada gauerako eta aurten, guztira, 270 bat lagunek hartuko dute parte danborra edo kupela jotzen, sukaldari, mikelete, gastadore, abanderatu edo artilero postuetan eta bandakoak, noski, beraiekin. 50 partaide berri izango dira aurten, gehienak gazteak.
Iaz bezala, aurtengo danborradan, ez da karrozarik izango, antolatzaileen esanetan, lan asko eskatzen duelako eta jendeak gehiago gozatzen duelako danborradako beste postuetan. Generalak, baina kalesan joango dira. Bestalde, jakinarazi dute, arkumeak erretzeko karroza berria egin dutela aurtengorako, baita ere animalien legea dela-eta zaldiak danborradan irten daitezen baimen bereziak eskatu behar izan dituztela ere esan digute
Danbor, kupel eta bandaren doinuez gain izango da bestelako soinurik ere. Kainoiaren erreplikarekin eta armekin danbatekoak botako dituzte eta baita koloretako txapligoak ere.

2023 06 01 trinitateak 2022 danborrada umeak BARREN

 • Umeen danborrada
Domeka eguerdian danborradan umeek hartuko diete helduei erreleboa. Inazio Bereziartua musika eskolako ikasleak arituko dira danbor eta kupelei eraginez bandaren doinuak lagun. Beraiekin inudeak, artzainak eta marrazki bizidunetako film bat irudikatuko duen karrozako umeak egongo dira, baita musikoterapiako ikasleak ere, iaz baino gehiago. Gutxi gorabehera 265 umek osatuko dute danborrada.

 • Artisau azoka
Ohiturari jarraituz domekan 10:00etatik 14:30era artisau azoka izango da Leku Ederren. Askotariko lanak ikusteko eta erosteko aukera izango da: bitxiak, txotxongiloak, xaboi naturalak, forja artistikoa, otarrak, diseinua, serigrafia eta larrua, beira zein ehunekin eginak. Elgoibarkoak lau izango dira azokan: Darama (Amalur Urresti), Magi (Amaia Erkizia), Xarlem (Maialen Astigarraga eta Eider Lopez) eta Zugehini (Nekane Altube).

 • Jaiak ermita inguruan Mendaron
Mendaron Trinitate ermita izanik, haren inguruan ospatzen dituzte jaiak. Iaz jaiak antolatzen aritu zirenek aurten ere heldu diote lanari eta ohiko ekintzak prestatu dituzte. Izan ere, Bizi Poza txarangak kalejira bidez jaietara erakarriko ditu herritarrak ostiralean eta larunbatean zuhaitza jasoko dute ermita ondoan eta jai giroa kanpai eta txapligoen soinu bidez jantzi. Baina igande eta astelehenerako gordeko dituzte ekintza nagusiak.
Trinitate egunean txistularien kalejirarekin ermitara gerturatuta meza izango da bertan elizako abesbatzaren eta Ameikutz musika eskolakoen parte-hartzearekin. Meza ostean, berriz, herri kirol erakustaldirik ez da faltako. Udane Ostolaza arituko da harria jasotzen eta aizkoran Ugaitz Mugertza eta Eneko Otaño. Hori guztia Saioa Lizarralde eta Lean Esnaola trikitilarien doinuek jantziko dute amaieran.
Jaiak ermitan izanik Trinitate txiki egunean ere meza egingo dute bertan eta ondoren Ikastolako umeak bertsotan arituko dira. Azkenik, bezperan bezala Lizarralde eta Esnaola trikitilariek emango diete errematea aurtengo jaiei.

2023 06 02 egitaraua trinitateak Elgoibar mendaro