Arratiako Ubide herriko Anbe baserrikoa zuen aita Itziar Ajuriak, eta debarra ama, eta umetan etorri zen Elgoibarrera. Eskola publikoetan 15 urtera arte ikasi eta gero, familiako jostundegian egin zuen lan 38 urte bete arte. Ondoren, Banco de San Sebastianen hasi zen lanean, letrak kobratzen, baina banketxeak berak kanporatu egin zuen gero, emakume batentzako lana ez zela iritzita. Baina euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik izan da bereziki ezaguna eta estimatua Elgoibarren. 50eko hamarkadan, euskal kulturaren aldeko mugimendu ezkutu eta isilaren lehen urratsetan parte-hartze aktiboa izan zuen, eta 1962an zabaldu zuten Elgoibarko lehen ikastolako lehenengo andereñoa izan zen, Loritoneko ikastola deitzen zioten hartakoa.
Frankismoan klandestinitatean jardun zuten euskal andereñoak omendu zituzten 2006ko Sabino Arana Sariarekin. 205 andereñok osatzen dute kolektibo hori, eta tartean 5 elgoibartar daude: Itziar Ajuria, Jone Etxabe, Nekane Iturbe, Mari Isabel Mujika eta Mari Juli Konde (beheragoko argazkian).
Frankismo garaian klandestinitatean aritzeagatik beldurrik pasa al zuten eta arriskuaz jabetzen al ziren galde egin zien BARRENek bost andereño hauei. Hona andereñoen dekano Itziar Ajuriak eman zuen erantzuna: “Hasiera-hasieran 'Xabiertxo' testu liburuarekin bakarrik moldatu behar izaten genuen eta lan baldintzak ere ez ziren onenak. Zenbat hauts, hotz eta hezetasun pasa behar izan ote ditugu, zenbat leku aldaketa…”.
• Memoria historikoa berreskuratzeko ekarpena
Elgoibar 1936 elkartekoek ere gogoan izan dute Itziar Ajuria eta aitortza egin diote Elgoibarko memoria historikoa berreskuratzeko egin zuen "ekarpen handiagatik". Gogora ekarri dute ajuriatarrek zuten jostundegia arpilatu zutela "goardia zibilek eta elgoibartar karlista ezagun batek". Ajuriaren osaba Justo Larrinagako espetxean fusilatu zutela ere azaldu dute. "Hiru anaia gerran ibili ziren, soldaduska garaian harrapatuta. Eskerrik asko Itziar Elgoibarko memoria historikoari egindako ekarpenagatik", idatzi dute elgoibar1936.info webgunean eta Ajuriaren testigantzak jazo zituzten bideoa ere argitaratu dute.
Irakasle izateari laga ostean, bidaiatzea eta interneten ibiltzea izan ziren Ajuriaren bi zaletasun nagusiak, eta bidaia horien berri ere eman zion BARRENi, 2004. urtean kaleratutako astekariko 477. zenbakian-PDF-
Elgoibarko Izarrak bere 50. urteurrenaren harira 2005an kaleratu zuen 'Izarren hautsa 40 urtean' libururako ere elkarrizketatu zuten Itziar Ajuria (behean). Liburua osorik hemen jaitsi dezakezue: Izarren hautsa 40 urtean -PDF-