Barikuan ekaineko odol ateratzeak egingo dituzte Elgoibarren

Barren.eus 2023ko eka. 7a, 08:22

Odol Emaileen Nazioarteko Eguna izango da ekainaren 14a, eta egun seinalatu honen bueltan odola ematearen garrantziaz ohartarazi dute odol emaleen elkarteek. Elgoibarren, bariku honetan egongo da odola emateko aukera berri bat. 

Odol ateratzeak egingo dituzte ekainaren 9an, barikuan, Jubilatuen Biltokian, 16:30etik 20:10era. Txanda hartzeko eskatu dute arduradunek. Horretarako whatsapp bidez mezua bidali behar da 623 328 408 telefono zenbakira (15:00etatik 20:00etara).

Osasungintzan ezinbestekoa den odola ematera deitu dute Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta odol emaileen elkarteek. Transfusiorako edo plasmaren deribatuak diren medikamenduak egiteko hainbat eta hainbat osagai eskuratzeko modu bakarra izaten jarraitzen baitu odolak.
Egunean 500 bat odol donazio behar izaten dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ospitale guztien beharrak asetzeko —bost odol poltsa ateratzen dizkiote emaile bakoitzari—. Odola hartzean, osagaiak banatzen dituzte, eta osagai bakoitzak iraungitze epe bat dauka: globulu gorriak 45 egunez gorde daitezke; plaketek bost-zazpi egun irauten dute; eta plasmak, hiru urte. Hortaz, hilabete jakin batzuetan odol emaile ugari izateak ez du konpentsatzen beste batzuetan odolik ez ematea.