Iñaki Kondek bere kargua laga du 11 urteren ondoren, eta Amaia Sastrek (Elgoibar, 1978) hartu du orain lehendakari postua. Gainerako batzordekideak hauek izango dira: Abel Arriaga (lehendakariordea), Amaia Arrizabalaga (diruzaina), Amaia Lasagabaster (Idazkaria), Aitor Lauzirika, Iñaki Konde, Ana Bereziartua, eta Imanol Larrañaga.
Iñaki Konderen agurreko berbekin hasi zuten batzarra. 2011tik izan da lehendakari, eta esker oneko berbak izan zituen Elgoibarko Izarrarentzat eta elkartearen bueltan izan duen jendearentzat.
Konderen berben ondoren, 2022ko errepasoa egin zuten elkarteko proiektu-arduradunek, eta errepasoarekin batera, 2023rako elkarteak dituen egitekoak ere azaldu zituzten. Hiru dira gaur egungo Elgoibarko Izarraren lan-lerro nagusiak: Atxutxiamaika aisialdi proiektua, euskara- kulturgintza lan-lerroa eta, hirugarrena, BARREN komunikazioak.
Ondoren, Elgoibarko Izarraren hurrengo bost urteetarako Plan Estrategikoa prestatzen dihardutela aitatu zuen elkarteko kudeatzaileak.
2022ko memoria ekonomikoaren berri ere eman zuten batzarrean. 2.071,25 euroko diru-irabaziak izan zituzten 2022an. 2023ko aurrekontuetan, berriz, 4.607,85 euroko defizita aurreikusten dute.