Andoni Mutiloa: "Gure bizitza sexualari buruzko ikuskizuna landu nahi nuen umoretik

Barren.eus 2023ko eka. 9a, 13:47

'Sex Sua' musikala izango da domeka arratsaldean (18:00) Mendaron. Ligatzeko aplikazio digitalen erabileraren ondorioz sortzen diren harreman kode berriak eta horien eragina umorea, dantza eta musika baliatuz taularatuko ditu Andoni Mutiloak (Hernani, 1976).

Ikasketaz kazetaria eta irrati esatari aritutakoa da, baina antzerkian, dantzan eta kantuan ere aritzen da besteak beste, hortaz, sortzailetzat dauka bere burua. Ikusleek sorpresa bat baino gehiago hartuko dute eta zer pentsatua ere emango die musikalak. Honen berri eman digu protagonistak.

 • Irratian entzuten zuen jendeak zure ahotsa, orain, ordea, antzezlekuetan entzun ezezik ikusi egiten zaituzte. Nola hasi zinen antzerkian?
Txikitatik izan dut antzerkiarekin eta dantzarekin hartu-emana zaletasun modura. 2017an eszedentzia hartu nuen Euskadi irratian eta nire asmoa hori ez bazen ere ideia bat bururatu zitzaidan istorio baterako eta handik sortu zen 'Esnatu naiz' kabareta. Nire lehen ikuskizun hori estreinatzean sartu nintzen burubelarri arte eszenikoen munduan. Urte batzuren ondoren erabaki nuen irratira ez itzultzea eta iaz bigarren ikuskizuna iritsi zen: Sex Sua.

 • Antzezlan hau da, hain zuzen ere, Mendaron eskainiko duzuna. Izenburuari erreparatuta sexua da ikuskizunaren gai nagusia, ezta?
Gure bizitza sexualari buruzko ikuskizun bat landu nahi nuen, baina sormen prozesuan abiapuntua ligatzeko aplikazioak izatea erabaki nuen. Aktualitate handiko gaia da, denbora gutxian asko ari dira eraldatzen harreman kodeak, baina gizartean ez dugu hausnarketarik egin eta askotan ez gara jabetzen horren atzean dauden gauza surrealistetaz. Ez dakigu gure burua behar bezala zaintzen eta min hartzen dugu edo mina ematen diogu beste norbaiti. Gai interesgarria iruditu zitzaidan eta hori izan zen ikuskizuna martxan jartzeko arrazoi nagusia.

 • Monologo bat izateko asmoa zenuen hasieran, baina musikal batekin etorriko zara.
Antzerkira gerturatzen zen monologo bat izan behar zen hasieran, bai, baina gidoia idazten hasi nintzenean konturatu nintzen jadanik banituela abesti batzuen melodiak eta hitzak prestatuta eta gaiarekin bat egiten zutela. Gainera, nik antzerkia bai, baina dantza egitea eta abestea ere beti izan ditut oso gustuko. Gidoiak berak eskatu zidan bi arlo horiek uztartzeko.

 • Musikal batean sexuaren gaia nola landu daiteke?
Nik nahi nuen jendeak pentsatzea: “Benetan gustura nago daukadan bizitza sexualarekin?”. Ligatzeko aplikazioak nik ere erabili izan ditut eta zurrunbilo horretan sartuta gai hori lantzerakoan fikzioa egin nahi nuela argi izan nuen. Gai honi buruz hitz egiteko modu asko daude eta nik umoretik jo nahi nuen. Aplikazioetan gauza kuriosoak, xelebreak eta surrealistak gertatzen dira eta niri gertatu zaizkidan anekdotak eta lagunek kontatutakoak erabili ditut musikalean. Nire buruari barre egiten diot ikuskizunaren bitartez. Oso sanoa eta ederra izan da nire zenbait gauza intimo azaleratzea, baina hori nahastu dut momentu serioagoekin.

 • Zuk zeuk bakarrik antzeztuko duzun arren, bi pertsonaia ikusiko ditugu taula gainean, ezta?
Bi pertsonaia bururatu zitzaizkidan: Hiruki eta Imanol. Hiruki pertsonaia atipikoa da, ligatzeko aplikazioetan ez galtzeko gida sortu duena. Gainera, autoamodioaren apologia egiten du esanez, aplikazioen zurrunbiloan sartzerakoan min handia hartu dezakegula, bakoitzak gure buruarekin nahikoa daukagula, ez dugula beste inoren beharrik. Imanolek ezagutzen du gida, probatu ditu aplikazioak eta min hartu arren beste pertsona batzuekin harremana izan eta geratzea nahi du. Momentu batzuetan interakzioa egongo da nahiz eta nik eman pertsonaia biei bizitza. Beraien arteko jolas horri esker lortu dugu umorearen eta momentu serioen arteko oreka.

 • Horrelako aplikazioetan gezur asko erabiltzen direla esan ohi da. Alderdi serio horrek badu pisurik ikuskizunean?
Gezurrei buruz askorik ez dugu hitz egin. Ligatzeko aplikazioetako kodigoak hain ditugu barneratuta ze berez atsegin ez duguna egitera iristen gara. Askok amaitzen dugu aurrez aurreko harremanetan egingo ez genituzkeen gauzak egiten. Esaterako, oso ohikoa da gaur egun aplikazio batean sartu eta eskatu gabe besteak biluzik agertzen den argazki batzuk bidaltzea eta horrek adierazten du larrua jotzea eskatzen ari dela eta hitzordu bakarrean amaitzen da dena. Hori aurrez aurrekoetan hain modu gordinean ez da gertatzen. Badirudi kontatzen ari naizena exageratua dela baina hala da. Adibideak bere horretan kontatzen ditugu ikuskizunean.

 

2023 06 09 Andoni Mutiloa sortzailea sex sua