Iker Izeta: “Neukan onena eman diot Sanlori eta gustura noa egindako lanarekin”

Barren.eus 2023ko eka. 10a, 10:06

Hamazortzi denboraldi egin ditu Iker Izetak (Elgoibar, 1990) Sanlon, eta aurten erretiroa hartzea erabaki du. Alcortak etxean jokatu zuen azken partidan agur hunkigarria prestatu zioten taldekideek, eta horrez gain, Mauxitxa txarangako musikariak ere igo ziren kiroldegira, Izeta txarangako kidea ere badelako.

Norgehiagoka galdu egin zuen Alcortak, eta gainera, Izeta bera kanporatu egin zuen arbitroak partida amaitzeko hamar bat minutu falta zirela. Denboraldi gogorra izan dute aurtengoa, eta maila galdu du Alcortak. Arantza horrekin doa Izeta, baina bere eskubaloi ibilbideko balantzea positiboa dela adierazi du. Jokatzeari laga dion arren, aurrerantzean Sanlori laguntzeko prestutasuna azaldu du.

 Elkarrizketa bideoan:

 

 • Txaranga eta eskubaloia batu zituzten zure lagunek etxean jokatu zenuten partidan. Nola bizi izan zenuen guzti hura?
Taldekideak zerbait prestatzen ari zirela banekien, baina hala ere urduri jarri nintzen. Txarangakoak ez nituen espero, eta sorpresa polita izan zen. Urduritasuna igarri nuen gero partidan zehar.

 • Despedidako partida ez zen zuk nahi bezala bukatu. Zer gertatu zen?
Arbitroak kaleratu egin ninduen, eta berotuta amaitu nuen. Tabernara joan eta garagardo bat edan nuen kolpean! Haserre nengoen, uste dut ez nuela kanporatzerik merezi. Buruari bueltaka jardun dut gainera, eta ez dakit beste inoiz kanporatu nauten, ez naiz gogoratzen, egia esan. Despedida egunean izan beharra ere...

 • Nolakoa izan da aurtengo denboraldia?
Gogorra izan da, partida asko galdu ditugu eta mailaz jaitsi gara. Baina taldekideok ondo eraman dugu egoera, eta geneukan guztia eman dugu. Horrelako egoeretan normala izaten da desmotibatzea, eta ez da gure kasua izan, partida guztiak borrokatu ditugu, baina esperientzia faltagatik edo auskalo zergatik, partida asko galdu ditugu azken minutuetan. Nire eskubaloi ibilbidean ez dut orain arte maila jaitsierarik bizi, guztiz kontrakoa izan da, igoerak ezagutu ditut eta pentsatzen nuen maila jaitsierarik gabe agurtuko nintzela, baina ez da posible izan.

 • Nola iritsi zinen Sanlora?
14 bat urterekin iritsi nintzen, eta 2008tik egon naiz Alcorta taldean. Pandemia iritsi zenean txapelketak bertan behera geratu ziren, eta hurrengo denboraldian eskubaloia laga nuen. Urte hartan Vucci hil zen, eta Zigor Esnaolak esan zidan ea lagunduko nion apur bat entrenamenduekin. Laguntzera bueltatu nintzen, eta azkenean berriz jokatzen hasi nintzen. Hemeretzi urte egin ditut Sanlon, baina hamazortzi denboraldi jokatu ditut. Balorazio oso positiboa egiten dut, lagun pila bat egin ditut, bai taldean eta baita kontrako taldeetan ere, eta esperientzia oso ona izan da niretzat. Nik edonor animatuko nuke eskubaloia probatzera.