IMH Campuseko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren graduazio ekitaldian banatu zituzten aurtengo IMH Sariak, joan den ekainaren 8an. Ohi duten moduan bost sari banatu zituzten. Hona hemen irabazleak eta esaria jasotzeko egin dituzten merituak.
• Ikasle ohi aipagarria: Miriam Lizarralde
IMHtik jakinarazi dutenez, ibilbide profesional eredugarria izateagatik jaso du Miriam Lizarraldek (Elgoibar, 1986) Ikasle Ohi Aipagarriaren Saria. Iraeta-Zestoan dagoen IRTS enpresako ekoizpen arduraduna da, eta sari emaleek honela azaldu dituzte saria jasotzeko merezimenduak: "Langile nekaezina, konstantea, arduratsua eta ardurak hartu eta eramaten jakin duena, enpresaren egituran oinarri sendoak landu dituen profesionala. Eta horrez gain bi haurren ama eta elgoibartarra".
Saritzak Makina Erremintaren Museoko oroigarria eta Elgoibarko jatetxe batean dastatzeko menua -bi lagunentzat- jaso zituen. Alaitz Bastida IMH LHIIko zuzendariaren eskutik jaso zuen saria.
Lizarralderen ikasketa eta lan ibilbidearen berri ere eman dute. Elgoibar Ikastolan batxilergoa ikasi ondoren, ikasketa praktikoak egiten jarraitu nahi zuen, eta IMHko ate irekietan aurkitu zuen gustokoa. Fabrikazio Mekanikoko Diseinua ikasi zuen IMHn 2005-2006 urteetan eta praktikak COMETEL enpresan egin zituen.
Amaitu orduko erabakita zuen ikasketa praktikoak egiten jarraitu nahi zuela eta horretarako IMHko Ingeniaritza Duala aukeratu zuen. Bertan ikasi zuen bitartean, bere fase dualak Astigarraga Kit Line eta AYA-Aguirre Aranzabal enpresetan egin zituen. Atzerriko misioa egiteko hiru hilabete eman zituen Txinan, enpresa-praktikak egiten.
IMHko unibertsitate ikasketak amaitu ondoren, AYAn jarraitu zuen lanean baina krisiaren ondorioz, lana gutxitu zenez, formakuntza handitzea erabaki zuen, tartean IMHko ikastaroak, eta IMHko lan poltsan Itziarko enpresa batean lan aukera zuela ikusita, sortu berria zen IRTS enpresan hasi zen beharrean. Enpresa txikia zenez, bederatzi lagun, hasieran denetatik egiten zuen. Egun dagoeneko 27 langile dira, Iraeta-Zestoan kokatuta dago, eta bertako produkzioko arduraduna da: Eskaera bat sartzen denetik bukaerarteko prozesua gainbegiratzea da bere ardura, dena ondo eta garaiz datorrela ziurtatzea. Azpikontratazioa ere eramaten du eta hornitzaileekin bai bezeroekin kontaktu zuzena du. Praktiketan hartzen dituzten lanbide heziketako zein unibertsitateko ikasleen jarraipenaz ere arduratzen da. Miriamen ustez garrantzitsua da lan talde sendoa eta lanerako "giro ona" izatea. Saria jaso ostean, ikasle diplomatu berrientzako hainbat aholku eman zituen IMHko ikasle ohiak: "ikasketak amaituta batzuk ikasten jarraituko duzue eta beste batzuk lanean. Aukeratzen duzuena aukeratuta, ondo egongo da, izan konfiantza zuen buruengan, gogoko duzuen horretan formazioan sakontzen jarraitu, jarrera ona eta talde lanean enpatia baduzue, inoiz ez duzue arazorik izango. Aurrera, zorte on eta zorionak!".
• Ikasle aipagarria, espezializazioan
Aitor Alberdi Aizpuru azkoitiarrari eman diote aurtengo Lanbide Heziketako Espezializazioko ikasle aipagarrienaren saria. Fabrikazioko "Etekin Handiko Mekanizazioa" espezializazioa ikasi du, alderdi duala ERLO enpresan eginez, eta bertan jarraituko du lanean. Aurretik, erdi mailako mekanizazioa eta goi mailako fabrikazio mekanikoaren produkzioaren programazioa ikasi zuen.
Diploma eta 300 euroko erosketa bonoa jaso zituen saritzat, Txankakua merkatararitza elkarteko establezimenduetan gastatzeko.
• Ikasle aipagarria, goi mailan
Andoni Gallastegi Totorikaguena markinarra saritu dute Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasle aipagarrienaren sariarekin. Gallastegik Fabrikazio Mekanikoaren Diseinua ikasi du eta praktikak NEMAK enpresan amaitu ondoren, lanean jarraituko du bertan. Honek ere diploma eta 300 euroko erosketa bonoa jaso zituen.
• Ikasle aipagarria, erdi mailan
Erdi Mailako heziketa zikloetako ikasleen artean, Mikel Ezama Sagarna azpeitiarrari eman zioten saria. Mantentze Lan Elektromekanikoa ikasi du eta praktikak BIELEn egin ondoren, goi-mailako Mekatronikako zikloa ikasten jarraituko du. Diploma eta 300 euroko erosketa bonoa jaso zituen.
• Ikasle elgoibartar aipagarria
Ikasle elgoibartar aipagarriaren kategorian, bat beharrean bi sari banatzea erabaki zuen zentroak: Ibai Arandia Arenas eta Iker Benito Astigarraga izan dira aurtengo sarituak. Erdi mailako Mekanizazioa ikasi dute biek eta praktikak atzerrian egin dituzte, Erasmus programaren bidez, Italian. Arandiak goi mailako diseinua ikasten jarraitzeko asmoa du, eta Benitok goi mailako fabrikazioa.
Elgoibarko alkate Ane Beitiaren eskutik jaso zuten saria: Elgoibarko Udalaren oroigarria diploma eta 300 euroko Txankakuako bonuak.
Heziketa Zikloetako ikasleen ikasturte amaierako ekitaldiaren barruan egin zuten IMH sariak banatzeko ekitaldia. Amaieran talde argazkia atera zuten guztiek IUMHko pergolan.
*Argazkiak: IMH Campus