Kantauri isurialdeko aztarnategi nagusien berri eman zuen Arrizabalagak, azpimarra berezia eginda Deba ibarrekoetan, eta batean eta bestean topatutako aztarna esanguratsuenak azaldu zituen, irudiekin lagunduta. Mendarora etorrita Arrizabalak esan zuen gutxi ikertutako lekua dela, baina potentzialitate handia duena arkeologian, kokapenagatik eta inguruak dituen ezaugarriengatik eta berretsi zuen ez dela inongo disparatea Mendaron bost-sei aztarnategi egon daitezkeela esatea. Are, iradoki zuen epe motzean zeresana emango duela Mendarok. "Aurreikustekoa da hiru-lau urteko epean emaitza oso onak izatea", zehaztu zuen.
Alvaro Arrizabalagaren ikertzaile taldeak hogei bat urte daramatza Mendaron lanean eta beste horrenbeste edo gehiago Deba bailara osoa kontuan hartuta, eta une honetan Paleolitoko lau aztarnategitan ari dira aldi berean lanean Mendaron. Era berean, Morkaiko Leizarpe Taldekoekin batera, interes handiko beste zenbait kokaleku ere identifikatuta dituzte.
• Bigarren hitzaldia, barikuan
Joan zen ostiralekoak jarraipena izango du ostiral honetan, hilaren 16an. Izan ere, ostiralerako dago antolatuta ziklo honetako bigarren hitzaldia [beste biak irailean izango dira]. Mari Jose Iriarte-Chiapussok 'Cambio climático durante la Prehistoria' izenburuko hitzaldia emango du barikuan, 19:00etan hasita, udalbatza aretoan. Iriarte-Chiapusso EHUren Ikerbasque fundazioko irakaslea da, zehazki GIZAPRE Historiaurreko Ikerketa Taldekoa. Bi ikerketa-lerro nagusitan ari da lanean egun, eta bi kasuetan lotura estua du Gipuzkoarekin, eta batez ere mendebaldeko haranekin, Deba eta Urola ibarrekin. Batetik, Paleolitoko eta Mesolitoko ehiztari-biltzaileen taldeak aztertzen ditu Euskal Herrian, eta Gipuzkoan eta Bizkaian egindako hainbat aurkikuntzatan parte hartu izan du. Bestalde, historiaurreko bilakaera klimatikoan aditua da. Aztarnategi arkeologikoetan topatutako polen fosilizatuen azterketetan oinarrituta lortzen dute informazioa, eta paleoingurumeneko informazio horretan oinarrituta prestatu du gaurko hitzaldia. Iraganean klimak izan zuen bilakaera azalduko du, oraina ulertzen eta etorkizunak ekar diezagukeena ikusten lagunduko digulakoan.
Iraileko agenda
- Irailak 15. 'Emakumea historiaurrean'. Naroa Garcia-Ibaibarriaga EHUko irakaslea.
- Irailak 22. 'Deba haraneko Historiaurrea makrougaztunen ikuspegitik''. Ondare arkeologiko eta paleontologikoaren garrantzia iragana ulertzeko'. Aritza Villaluenga EHUko irakaslea.
∞Lotura duten albisteak:
- Alvaro Arrizabalaga EHUko arkeologia irakasleak zabalduko du Mendaron arkeologiari buruzko zikloa (2023-06-08)
- Alvaro Arrizabalaga: “Aurkikuntza arkeologiko gehiagorako toki oparoa ematen du Agarreko kobazuloak” (2019-10-25)
- Mendaroko Agarre haitzuloan Madeleine aldiko bi pieza eta labar artea aurkitu dituzte (2018-07-25)