Onenekin lehian aritu da Elgoibarko futbol talde bat Athleticek antolatu duen AC Cup txapelketan

Barren.eus 2023ko eka. 14a, 11:45

Estatuko 338 taldek eta 5.000 futbolarik baino gehiagok hartu dute parte Athletic Clubek estreinakoz antolatu duen, AC Cup txapelketan, eta horien artean izan da 2009an jaiotako mutilen Elgoibarko talde bat.

San Mamesen, Lezaman eta inguruko beste hamaika egoitzetan jokatu zuten, aurreko asteburuan, alebin eta infantil mailetako jokalarientzako AC Cup txapelketaren aurreneko edizioa. Athleticek jakinarazi duenez, 20.000 pertsona baino gehiago batu ditu txapelketak. Elgoibarko talde batek, -hogei mutikoz osatua-, 2009an jaiotakoen kategorian hartu du parte eta maila oso onean aritu dira. Txapelketaren lehen zatian bost taldez osatutako hamalau multzotan lehiatu ziren taldeak, 25 minutuko partidak jokatuz. Elgoibarko taldeak jokatutako lau partidetatik hiru irabazi eta bakarra galdu zuen, Vila-Realen aurkakoa. Taldeko gurasoek jakinarazi dutenez, Estatuko jokalari onenekin osatutako "selekzio bat da Vila-Real, talde oso indartsua", eta beraiek irabazi zuten txapelketa, finalean Athletico Madrid taldeari 1 eta 0 irabazita. "Gure mutilek partida bikaina jokatu zuten, defentsan bereziki, eta azken 10 minutuetara hutsnako berdinketarekin ailegatu ziren arren, epaileak penalti eztabaidagarria adierazi zuen, eta ordura arteko parekotasuna hautsi zuen. Azkenean 3-0 amaitu zen neurketa, eta hiru goletatik bi penaltiz sartu zituen Vila-Realek. Harmailetan ziren ikusleek txalo zaparradekin agurtu zuten gure taldea, eta gurasook ere ezin harroago gaude gure mutilek halako talde indartsuen aurka erakutsi zuten mailagatik".

Elgoibartarrek ez zuten bigarren faserako sailkatzerik lortu, gol bategatik. Multzoetako lehian bigarren postuan sailkatu ziren hamalau taldeek bigarren fasean lehiatu ziren domekan, Lezaman. Hiru partida irabazi ostean, finalerako sailkatu ziren elgoibartarrak. Finalean Portugalete izan zuten aurkari eta banako berdinketarekin amaitu zen arauzko denbora, elgoibartarrek azken minutuetan sartutako gol bati esker. Penaltietan erabaki zen irabazlea, eta bizkaitarrak gailendu ziren.
"Primerako txapelketa egin dute eta asteburu paregabea pasatu dugu bai jokalari, entrenatzaile eta gurasook", esan dute, eta jokalari eta guraso guztien izenean eskerrak eman dizkiete babesleei, G&M jantzi dendari eta Kaia tabernari. "Eta nola ez, eskerrik asko Iker Martinez eta Mikel Hidalgo entrenatzaileei, zuek gabe hau ez litzatekeelako posible izango".

Athleticek estreinakoz antolatu duen futbolari gaztetxoentzako txapelketa honek eztabaida ere sortu du, besteak beste, izen-emateagatik kobratu dituzten kuoten prezioagatik -60 euro jokalari bakoitzeko- eta partidak ikusteko sarrerak kobratzeagatik. Jon Uriarte presidenteak aitortu du huts egin dutela sarrerak kobratzeari dagokionean. 

2023 06 11 CA cup athletic lezama elgoibar futbola garaikurragaz

2023 06 11 CA cup athletic lezama elgoibar futbola gurasoegaz