San Bartolome Parrokiak erlijio-ondare historiko-artistikoa mantentzeko eta kontserbatzeko lanak egiteko laguntza ekonomikoa eskatu zuen Udalean, eta honek helburu horretarako dirulaguntza izendun espezifiko bat ematea erabaki du.
Aurreko urtean moduan, 2023ko ekitaldirako ere udal-aurrekontuetan 14.000 euroko partida bat gorde du Udalak. "Funts hori San Bartolome elizan eta herriko ermitetan egin beharreko lanak finantzatzeko erabiliko dela jakinarazi dute Udaletik.
San Bartolome Parrokiak eskerrak eman dizkio Elgoibarko Udalari, “ondare historiko eta artistiko garrantzitsu hori zaintzeko eta balioztatzeko eskuzabaltasunagatik eta etengabeko laguntzagatik”. Bi erakundeek hitzarmen bat sinatu dute obrak egiteko baldintzak eta epeak ezartzeko, lankidetza "eraginkorra" eta "gardena" izan dadin. Kultura-ondare bakar horren epe luzerako kontserbazioa bermatzeko elkarlanean ari direla adierazi dute bi erakundeek.
Udaletik nabarmendu dutenez, parrokiaren ondare historiko-artistikoan egingo dituzten hobekuntzek, kontserbazioan laguntzeaz gain, "bertako komunitateak eta bisitariek gozatu eta estimatzeko" balioko dute. "San Bartolome Eliza eta bere ermitak Elgoibarko historiaren eta kulturaren lekuko baliotsuak dira, eta horiek zaintzea parrokiaren eta Udalaren arteko konpromiso partekatua da” gaineratu dute Udaletik.