Uztailaren 14a arteko epea dago Lila Sarietarako hautagaiak aurkezteko

Barren.eus 2023ko eka. 15a, 10:07

Elgoibarren emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzen lagundu duten eta horretan nabarmendu diren pertsonek edota erakundeek egindako lana publikoki aitortzeko sortu zuten Lila Saria.

Lila Sarien sustatzaileek, -Lilako Mahaiak eta Elgoibarko Udalak-, zehaztu dutenez, sarion xedea da herriko gizarte, hezkuntza, politika, ekonomia, kirol eta kultura bizitzako edozein arlotan emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzen lagundu duten eta horretan nabarmendu diren pertsonek eta/edo erakundeek egindako lana publikoki aitortzea.

Iaz egin zuten estreinakoz, eta aurten ere zabaldu dute dagoeneko hautagaiak aurkezteko epea. Elgoibarko edozein erakundek edo pertsona fisikok aurkeztu ditzakete hautagaiak ondorengo loturan sartuta: https://labur.eus/lilasaria2023. Uztailaren 14a izango da horretarako azken eguna.
Epaimahaia Lilaren Mahaiko hiru kidek, Berdintasun Saileko teknikariak, Berdintasun Saileko arduradunak eta alkateak osatuko dute, eta saridunak oroigarri bat eta 500 euroko saria jasoko ditu. Saria ekitaldi publikoan emango da, Lila Emakumeen Etxearen urteurrenaren astean (iraileko laugarrenean).
Iaz, Sanlok jaso zuen Lila Saria, 30 urte baino gehiagoan emakumeen kirola sustatzen, genero-estereotipoak deseraikitzen, herriko neskentzako erreferente berriak aurkezten eta gizarte berdinzaleago baten aldeko pausoak ematen egindako lanagatik.

∞Lotura duten albisteak: