Une bereziak ere izan ziren tartean, horietako bat Alazne de La Iglesiasi Ameikutz musika eskolako zuzendari Juan Arriolak 2. mailako diploma eman zionean, ikasketa egitarau osoa bete izanagatik.
Musika tailerrekoak izan ziren oholtzara igotzen lehenengoak. Silofonoak, marakak eta pandereta hartuta pieza bat jo zuten, eta ondoren, abesbatzakoekin batera Zapi txuria' kantatu zuten. Ondoren, abesbatzakoek beste hiru pieza abestu zituzten: Bueltan da!, Lagunak eta El Tiempo. Abesbatzakoei tronpeta ikasleek, Josu Romerok eta Egoi Motrikok, hartu zieten erreleboa, Adelita kantua jotzeko. Haien atzetik, Haizea Urkia eta Libe Gomez gitarra ikasleak igo ziren oholtzara eta Somewhere only we know kantua jo eta abestu zuten. Txistulari taldekoen txanda izan zen gero. Lau doinu jo zituzten txistulariek: Eltxo Martxa, Luia Aranbururen Minue, A.Hilario Olazaranen Baztan Porrusalda eta Segurako Alborada. Trikitixa eta pandero ikasleak igo ziren gero, eta Lotsa gutxi eta Aurrera Altsasu kantuak jo zituzten, eta ondoren, Alazne de la Iglesias biolin ikasleak Karibeko piratak jo zuen, Juan Arriola eta Gorka Errezil maisuek gitarrarekin eta kaxoi flamenkoarekin lagunduta. Orduan jaso zuen diploma ere biolin jole gazteak eta txaloka hartu zuten plazara bildutakoek. Bukatzeko, konbo taldekoek beste bi pieza jo zituzten.