Mendaron hasi, Bergararaino igo, Elgoibarrera jaitsi, atzera Bergararaino joan eta kostalderako bidea hartuko dute txirrindulariek ondoren. Sasiolatik Kalbarioko gaina igo, Mutrikura jaitsi eta Olatzen barrena berriro ere Kalbarioko gainetik pasatu beharko dute, Mendaroraino itzuli aurretik. Guztira 92 kilometroko bidea osatu beharko dute. 10:30ean abiatuko da tropela Mendaroko plazatik, eta lasterketa 12:50k aldera bukatzea aurreikusten dute.
• Herri barruan eragina
Antolatzaileek ohartarazi dute ohiko lasterketetan baino txirrindulari gehiago espero dituztela egun horretan, eta horrek trafikoan eta aparkalekuen okupazioan ere eragina izango duela Mendaron. Herriko Enparantza, esaterako, itxita egongo da, eta lasterketako autoek baino ez dute hara sarbidea izango. Era berean, Kilimon etorbidean ere (Covirango aldapan) ezingo da aparkatu, ez eta Toki Alaiko aparkalekuan ere, 08:00etatik lasterketa bukatu bitartean aparkaleku hori lasterketako auto eta furgonetentzako gordeko baita. Antolatzaileek ulerbera izateko eskatu diete herritarrei eta barkamena eskatu aurrez lasterketak sor dezakeen eragozpenengatik.